Ikasgelako konfort-gunetik atera eta bertan ikasitakoa plaza batean erakusteko lehenengo aukera da Gelatik Plazara txapelketa. Gipuzkoako eskualde bakoitzeko kanporaketa bat egiten da, eta Debagoienekoa gaur egingo dute, Aretxabaletan. "Eskualdeko bost taldek hartuko dute parte: Oñatiko bi taldek, Eskoriatzako eta Aretxabaletakoa talde banak eta hainbat herritako bertsolariekin osatutako batek", azaldu du Bertsozale Elkarteko kide Aritz Irigoienek, eta zera gaineratu du: "Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. mailetako ikasleak dira. Txapelketa bat den arren, ez nioke lehiari aparteko garrantzirik emango, baizik eta parte hartzeari eta lotsa galtzeari. Kanporaketa-fasea eskualdeko herrietako gazteak elkartzeko aukera ezin hobea izaten da, euren artean saretzeko eta ondo pasatzeko helburuarekin. Aurtengo berrikuntza da Gelatik Plazara txapelketa adinka banatu dugula: LH bitartekoak, batetik, eta DBH mailakoak, bestetik. Gazteen kanporaketa Aretxabaletan jokatuko da eta DBHko ikasleen kanporaketa, berriz, martxoaren 30ean Alegia ospatuko den Bertso Egunean; eta egun horretan jokatuko dute LHko ikasleek finala".
Guztiontzako ateak zabalik
Kurtzebarri eskolan izango da gaztetxoenen kanporaketa, gaur, egubakoitza, 17:30ean hasita. "Sarrera dohainik da, eta aukera polita da bertso munduan lehen pausoak ematen ari direnei animoak emateko".
Oinak Buruan, Urbaltzen
14 eta 18 urte bitarteko Gipuzkoako bertsolariek kantuan egiteko plaza da, berriz, Oinak Buruan izena duen eskolarteko txapelketa. Errezilen abiatu zuten aurtengoa, aurreko astean, eta gaur Urbaltz elkartean egingo dute Gipuzkoako bigarren kanporaketa. Bertso-afari formatuan izango da. "20:00etan elkartuko gara Urbaltzen, eta afaldu ostean hasiko da gazteen bertso saioa. Dagoeneko amaituta dago txartelak erosteko epea", gaineratu du Irigoienek.
Txapelketa horrek ere badu lehiatik, nahiz eta bertsolari gazteak harremantzea eta bertsotarako plaza bat eskaintzea den helburu nagusia, eta harrobiko bertsolariek "eskertu" egiten dute aukera hori. Hauxe dio datorren asteburuan Amasako kanporaketa jokatuko duen Oñatiko Txinparta Bertso Eskolako Uxue Igartuak: "Bertsolari gazte moduan oso pozgarria da halako txapelketak antolatzen jarraitzea. Uste dut sekulako aukera dela gazteendako eskolatik atera eta jendaurrean abesteko saltoa egiteko; izan ere, ez da gauza bera jende ezagunaren edo ezezagunaren aurrean kantatzea, eta, halako txapelketak informalagoak direnez, bide politak izan daitezke hori guztia barrutik ezagutzeko eta esperientzia berri bat bizitzeko".
Eskualdekorik ez gaur
Sei bertsolarik jardungo dute gaur lehian: Duna Urteagak, Egiar Otegik, Irati Basurtok, Joanes Azpillagak, Kattin Oiartzabalek eta Peru Alijostesek. Askotariko ariketak egingo dituztela azaldu du antolatzaile taldeko Aritz Irigoienek: "Agurra botako dute, hasteko, eta honako ariketa hauek egingo dituzte guztiek segidan: lau oinekin bertso bana; ofizioa, zortziko handian; beste ofizio bat, koplatan; eta, azkenik, bakarkako ariketari helduko diote, puntu-erantzun batekin eta gai bati bertso bana botata".
Urtearen arabera, eskualdeko parte-hartzaileen kopurua aldatu egiten da. "Aurten Debagoieneko ordezkari bakarra Oñatiko Uxue Igartua da. Txapelketarako ondo gertatuta doa, gogor ari da entrenatzen, Txinparta Bertso Eskolako kideen laguntzarekin. Saio txukuna egitera eta ondo pasatzeko asmoz joango da Amasako kanporaketara".
Uxue Igartua (Bertsolaria): "Gogotsu nago saioan kantatzeko"
Orain dela zortzi urte hasi zen bertsotan Uxue Igartua (Oñati, 2007). Bigarrenez izango da Eskolarteko txapelketan. Amasako elkartean lehiatuko da, martxoaren 21ean.
Zelan doaz prestaketak?
Urtean zehar, astean behin elkartzen gara taldetxo bat bertsotan egiteko; azkeneko asteetan, birritan, lanketa hori indartzeko. Urduri nago, baina oso gogotsu, parte har dezakedan azken aldia da eta.
Zein da txapelketarako zure helburua?
Ilusioarekin eta nire onena emateko gogoz noa Amasara, baina ez dut neure burua finalean ikusten. Ondo pasatzea, txapelketa barrutik ezagutzea, nire maila ikustea eta beste bertsolariekin harremanak egitea da nire asmoa. Gogotsu nago!