ALEn prestatutako bi auto Marokoko raidean izango dira

Mirari Altube Arrese 2025ko mar. 14a, 07:59

Prestatutako bi autoak Herriko Plazan ikusgai.

Gaur abiatu, eta domekan Afrikara iritsiko dira; sei etapatan 3.000 kilometrotik gora egingo dituzte.

Aretxabaletako Lanbide Eskolak eta Bilboko Eskurtze BHI ikastetxeak elkarlanean bi auto prestatu dituzte Marokon egingo den Chatarras Raid izeneko lasterketan parte hartzeko –bata Peugeot 205 eta bestea Renault Megane–. Horretan jardun dute ikasleek azken hilabeteetan, eta orain, benetako proba dator. "Hogei urtetik gorako autoak izan behar dute derrigorrean. Gureak prestatzeko ardura ikasleei eman diegu, eta, jakinik helburu bat duela prestakuntzak, motibazioa asko aldatu da lan egiteko orduan", adierazi dute irakasleek, ALEko Aritz Jauregik eta Eskurtzeko Jon Jauregik, Haitz Uriartek eta Gaizka Bengoak.

Sei etapa eta 3.000 kilometro

Gaur, martxoak 14, abiatuko dira bi ikastetxeetako lau irakasle Algecirasera, eta handik Afrikara pasako dira. "Azken asteotan elikagai eta material bilketa egin dugu herrian, eta jasotakoa eroango dugu. Elikagaiak Algecirasko Elikagai Bankukoei emango dizkiegu. Eskolako materiala, jolasak eta arropa, ostera, hirugarren etapan iritsiko garen Erg Chebbi desertuko Merzouga herrian banatuko ditugu, hango elkarte baten bitartez".

Zapatuan egiaztapen teknikoak egin Algecirasen, eta dortsalak eta baliza bereziak jasoko dituzte: "Galtzen bagara GPS bidez lokalizatzeko eta hemendik, ikastetxetik, jarraipena egiteko guri".

Domeka goizean, ferrytik autoak jaitsi orduko ekingo diote lasterketari. Sei etapa dira eta 3.000 kilometrotik gora egingo dituzte. "Ondo pasatzeko gogoarekin goaz, eta bueltan osorik iristeko asmoz". Ikasleek gertutik egingo diete jarraipena martxoaren 21a bitartean.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak