Disko bakoitza gai baten bueltakoa da; oso ezberdinak.
Bai; entzuleari eman gura izaten diot diskoetan zein zuzenekoetan zerbait berezia, bakarra. Lehenengoa Arabako Errioxan oinarritutako proiektua izan zen eta argi neukan iraungitze-data bat zuela proiektu hark; hau da, urte eta erdiko kontua izango zela. Iñaki Perurena harri-jasotzailearekin egindako Harria-rekin, berdin. Gaur egun, Argizaiola-rekin gabiltza, eta entzuleak ikusiko du aurrekoekin ez duela inolako zerikusirik.
Bederatzi abesti dituen diskoa da.
Bai; hasiera batean, zortzi izan behar zuten; horiek grabatu genituen iazko ekainean. Abuztuan, baina, ama hil zitzaidan, eta zendu zen aste hartan bertan beste bat sortu nuen: Ama. Diskoetxeari deitu genion, bederatzigarrena ere sartzeko eskatzeko.
Euskal folklorea du oinarri, baina zein berezitasun du Argizaiola-k?
Batetik, euskal musikaren alde tradizionala dauka; fandangoa eta arin-arina, esaterako, baita ezpata-dantza erritmoak ere. Eta, bestetik, esperimentazioa dago; elektronika sartu dugu abesti batzuetan, eta ahotsa ere bai hainbat kantutan. Hortaz, disko berezia da niretzat.
Gainera, luxuzko kolaboratzaileak izan dituzu: Mikel Urdangarin, Kalakan eta Lide Hernando, adibidez.
Gaztetan baten batek esan izan balit Mikel Urdangarinekin abesti bat grabatuko nuela, ez niokeen sinetsiko! Udazkena abestiari Karmele Jaiok jarri zizkion hitzak eta pentsatu genuen Mikel Urdangarinek abesteko kantua zela; gonbidatu, eta baietza eman zigun. Lide Hernandori ere abestia proposatu nion; istorioa azaldu, eta hurrengo egunean estudioan zegoen. Eta Kalakan taldeko lagunek baietza ematea izugarrizko bultzada izan zen.
"EUSKAL MUSIKAREN ALDE TRADIZIONALA DAUKA 'ARGIZAIOLA'-K ETA ESPERIMENTAZIOA ERE BAI"
Mariatxen Urkia aretxabaletarraren kolaborazio bat ere badago.
Aspaldiko laguna dut, Aretxabaletan hasi nuelako irakasle ibilbidea, 20 urte nituela. Harreman polita dugu, eta, soprano bat behar nuenez, Argizaiola abestirako hari deitu nion.
Esandako moduan, Leizarra musika eskolako irakasle izan zinen; zein oroitzapen duzu?
Kontserbatorioko ikasketak bukatu eta lehen lana izan zen. Berria zen guztia niretzat, orduantxe izan nuen-eta ikasleekin lehen hartu-emana. Gero, Basaurira joan nintzen.
Basaurin jarraitzen duzu irakasle; txistuak badu etorkizunik?
Sarritan galdetzen didate hori, eta, beste zerbait erantzun nahiko banu ere, nik ez dut osasuntsu ikusten, gazteen artean. Txistua ikastera datozen helduak badaude, baina gazteak, apenas.
Zu, baina, bazabiltza txistuari buelta bat eman nahian.
Saiatzen naiz erakusten, batez ere gazteei, txistua edozein musika tresnarekin uztar daitekeela. Joan den astean, Baskoniak jokatu zuen Euroligako partiduaren atarian jo genuen, eta han txistuak izan zuen zabalpena izugarria izan zen: pabiloian 8.000 pertsona zeuden, eta telebista bidez ikusten ere mordoa. Zabalpen hori beharrezkoa da. Bestela, txistua herriko jaietan bakarrik ikusten da, eta etiketa horrekin geratuko da. Gu geu erakusten gabiltz beste dimentsio batera eraman daitekeela.
Aretxabaletako kontzertuan zer topatuko du ikus-entzuleak?
Dantza tradizionala egongo da, Lezoko Amezti taldearen eskutik; eta dantza garaikidea ere bai, Donostiako DAB dantza konpainiarekin. Baita nire taldea ere: gitarra, biolina, pianoa, bateria, trikitia, baxua eta txistua, noski. Eta abeslari bat ere bai.
Iñaki Palacios, taldekidekidekin batera, emanaldi batean. (Argazkia: Iñaki Palacios)