Neallta Fola eta Vietcong 68 taldekoa da Karloz Lopez Karlote (Aretxabaleta, 1983), baina egunotan Mexikoko Mess taldearekin ari da Europan zehar biran; otsailaren 4an egin zuten estreinakoa, Belgikan, eta Alemanian bukatuko dute, domekan.
Zelan sortu zitzaizun aukera?
Mess taldekoekin harreman ona dut aspalditik. Europara biran etortzen direnean, gertuan izaten naute beti, musika tresnak itxi izan dizkiet... Lan kontuak direla-eta euren gitarra-jolea ezin zen Europako birara etorri, eta orain dela zazpi hilabete inguru proposatu zidaten haren ordez jotzea. Etxeko, laneko eta bestelako guztiak antolatu, eta birarekin aurrera egitea erabaki nuen. Punk-oi! taldea da, 80ko hamarkadako soinua du, oso gordina eta zuzena. Lauzpabost urte doaz, eta indar handia ari dira hartzen Europan. Estilo eta soinu berezia dute.
Zer moduz doa bira?
Oso gustura! Sekulako trotea, neke-lana, izan arren [20 egunetan, 19 kontzertu], egun bakarrean deskantsua hartuta, sekulako aukera moduan ikusi nuen, eta hala ari da izaten. Enpresa handi batek antolatu du, eta hiru talde ari gara biran: Lion's Law, Claimed Choice eta Mess. Beste taldekoekin ere oso harreman eta giro ona dugu. Leku asko ari gara bisitatzen, nahiz eta turismorako aukera handirik ez izan. Egunero mugitzen gara, eta oso intentsua da.
Nondik nora ibili zarete orain arte?
Bira hasi baino hiru egun lehenago, Euskal Herrira entseatzera etorri ziren taldekoak, eta Mallen-en (Belgika) otsailaren 4an hasi genuen bira. Segidan, Brusela ondoko herri batera, Herbehereetara, Alemaniara eta Frantziara joan ginen, eta otsailaren 9an Donostian jo genuen. Ondoren, Madrilen eta Bartzelonan, eta berriz ere Frantzian. Handik Suitzara, Italiara, Alemaniara berriz, Vienara, Bratislavara eta Pragara. Gaur, egubakoitza, Berlinen gaude, bihar Dresdenen, eta domekan Hanburgon. Kontzertuak 20:00etan izaten dira, eta ona da hori.
Zein harrera izan dute kontzertuek?
Flipatu egin dut! Asteko egun guztietan ari gara jotzen, eta astean zeharreko kontzertuetan ere sekulako jendetza eta giro ona egoten da. Jende asko mugitzen duten taldeak dira hirurak, eta elkarren artean oso konbo ona egiten dute. Areto guztiak ia beteta egon dira, Donostian ere bai, domekan sekulako harrera, eta areto batzuetan sold out.
Anekdota ugari bizita dagoeneko?
Bederatzi pertsona eta material guztia goaz bi furgonetatan, eta gorabeherak izan ditugu: bigaren egunean, Belgikatik Herbehereetara bidean, errubera bat lehertu egin zen; sekulako sustoa hartu genuen, baina ez zitzaigun ezer pasatu, eta heldu ginen helmugara. Furgonetako momentua gogorra da, baina oso polita ari da izaten. Suitzatik Italiara joateko Alpeak zeharkatu genituen, eta oso oroitzapen polita dut, baita Italiatik Municherako bidekoa ere, Tirol inguruak. Beste abenturatxo bat: Bolognara heltzen ari ginela, furgonetak botata itxi gintuen. Hurrengo egunean Munichera autobusean joan ginen. Gora-behera asko, baina positiboak ia denak. Sekulako bizipenak eramango ditut hemendik.
Biratik bueltan, etxeko taldeekin ere lana duzu.
Hala da; Neallta Folarekin estudioan sartu berri gaude, udarako lan berria ateratzeko asmoz, eta Vietcong 68-rekin azaroan atera genuen diskoa.