Gaur, otsailaren 19a, Kirol Munduko Homofobiaren Aurkako Nazioarteko Eguna da, Justin Fashanuren omenez. Horregatik, otsailaren 23an, 16:30ean jokatuko den UDA-Pasaia partiduan LGTBI+ banderadun galtzerdiekin zelairatuko dira Aretxabaletako jokalariak "guztien arteko berdintasunaren aldeko" konpromisoa erakusteko, eta "edozein motatako indarkeriaren aurka" agertzeko.
Justin Fashanuren omenezko eguna
Justin Fashanu ingelesa izan zen homosexuala zela publikoki adierazi zuen lehenengo futbolari profesionala. The Sun hedabide britainiarrak argitaratutako azaleko artikulu batean agertu zen, 1990eko urriaren 22an. Jokalari ingelesaren ekimenaren garrantziari aitortza egite aldera, Fashanuren jaiotza egunean ospatzen da kiroleko LGTBIfobiaren aurkako eguna.