Auzoko taldea lanean da, eta zabalik ditu ateak

Mirari Altube Arrese 2025ko ots. 14a, 16:52

Auzoko taldean elkartzen diren hainbat lagun mahai-jolasean, Loramendiren bulegoan. (Argazkia: Amaia Martinez Jausoro)

Euskarara gerturatzea helburu duten bost bat lagun elkartzen dira astean behin Loramendi elkartearen altzoan, Amaia Martinez bidelagun dutela. Astelehenean, gainera, ospakizuna egingo dute, otsailaren 21eko Ama Hizkuntzaren Nazioarteko Eguna aitzakia hartuta.

Kanpotik etorritakoak euskarara gerturatzea du helburu Loramendi elkarteak bideratzen duen Auzoko taldeak, eta ikasturte honetan bost lagun elkartzen dira horren bueltan. Taldea, baina, zabalik dago, eta edonor onartzeko gertu; horretarako, Loramendiren bulegora jo daiteke, edo telefonoz deitu: 943 77 09 70 eta 685 75 67 29. Dagoeneko beste hiru laguni egin diete batzeko proposamena, eta interesa dute haiek.

Eguneroko jarduna ezagutzen

Martitzenetan elkartzen dira, 18:00etan, eta Amaia Martinez Jausoro dute bidelagun: "Sasoiko kontuak eta ohiturak ezagutzen gabiltza. Joan den astean, esaterako, San Blas opilak jan genituen eta kintoen dantza saioa ikustera joan ginen. Datorrenean, ostera, Txapel Txin izango dugu gai, eta Aratusteen gaineko lanketari ekingo diogu, udaletxe zaharreko balkoiak apaintzeko".

Herriko eguneroko jardunera ere gerturatu gura ditu: "Ostalaritza zerbitzuetan euskaraz hitz egiteko berbak eta esaldiak ikasiko ditugu, eta asmoa da martxoan tabernaren batera joatea eta praktikan jartzea". Haiek oso gustura dihardutela gaineratu du, ikasitakoa "probetxugarria" delako, besteak beste, seme-alabek eskolan lantzen dutena zerbait gehiago ulertzeko.

Azken bost urteotan Aretxabaletara iritsitako bost bat emakumerekin abiatu zuten ikasturtea, eta haietako hiru seme-alabekin joaten dira. Harremanak estutzeko balio izan duela ekimenak azaldu du Martinezek: "Bik hemen ezagutu zuten elkar, eta orain, hemendik kanpo ere sarritan elkartzen dira, seme-alabak ere errefortzu eskoletan dituztelako".

Astelehenean ospakizuna

Ama Hizkuntzaren Nazioarteko Eguna da otsailaren 21ean, eta, horren harira, ospakizuna antolatu dute Auzokon dihardutenek astelehenerako. Gu Haziak Gara elkarteko kideak izango dituzte lagun, eta udaletxe zaharrean elkartuko dira, 16:45ean. "Hainbat herrialdetako musikarekin eta dantzekin girotuko dugu jaialdia, eta jakiak izango dira probatzeko". Horrez gain, pankarta bat egingo dute, irudi bat marraztuta, eta asmoa da herriko hainbat txokotara eramatea: "Gure herrian dagoen hizkuntza aberastasuna ikusarazi gura dugu eta jakinarazi Ama Hizkuntzaren Eguna dela egubakoitzean". Hizkuntza-errefortzuetako umeek eta haien gurasoek ere hartuko dute parte, eta herritarrak gonbidatu dituzte bertara.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak