Ipar Zonako Trial txapelketaren lehen geltokia, Aretxabaletan

Julen Murua Mesonero 2025ko ots. 14a, 12:00

Oztopo trialsin txapelketa, iaz.

Bost geltoki dituen txapelketa da; Aretxabaletan jokatuko da lehenengo proba, domekan.

Bizikleta gainean abilezia dutenak izango dira protagonista domekan Aretxabaletan; eta ez kilometro kopuru izugarria egiteko gai izateagatik, bi gurpilen –edo bakarraren– gainean ematen duten ikuskizunagatik baizik. Izan ere, 11:00etan hasi eta 15:00ak bitartean, Open Zona Norte 2025 txapelketako lehenengo proba jokatuko da Oztopo Trail parkean. Debagoieneko ordezkaritza egongo da txapelketan: Julen Arenaza arrasatearra izango da bizikleta gainera igoko denetako bat –kategoria zehaztu gabe–.

Bost geltokiz osatuta dagoen txapelketa da –lau kanporaketa eta finala–, eta bost horietatik aurrenekoa izango da Aretxabaletan jokatuko dena. Gainontzeko kanporaketak jokatuko dira Lizarran –apirilaren 12an– , Lukun –uztailaren 19an– eta Gijonen –irailaren 28an–; finala, berriz, Lizarran izango da, urriaren 11n.

Hainbat maila

Txapelketa bina orduko bi zatitan banatuko da, eta bakoitzean maila askotariko parte hartzaileek neurtuko dituzte indarrak: 11:00etatik 13:00etara bitartean, promes, hasiberri, alebin eta infantil mailetakoak arituko dira bizikleta gainean; 13:00etatik 15:00etara bitartean, berriz, kadeteen, juniorren, R1 eta R2 kategorietakoen eta elite mailakoen txanda izango da. Elite mailako lehenengo hiru sailkatuek 200, 100 eta 50 euroko sariak lortuko dituzte, hurrenez hurren; gainontzean, sailkapenaren arabera, parte-hartzaileek finalerako txartela lortzeko puntuak batuko dituzte.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak