Maren Lezeta aretxabaletarrak 2020-2021 denboraldian egin zuen salto Realera. Gaztetan Aretxabaletan eta Leintz Arizmendin jokatutakoa, 15 urterekin Realeko bigarren talderako fitxatu zuten, eta aurtengo denboraldian –urrian– Atletico de Madrilen kontrako partiduan talde nagusiarekin egin zuen debuta. Orain, klub txuri-urdinetik adierazi dute aretxabaletarra Realeko lehenengo taldeko dinamikan sartuko dela.
Maren Lezetak senitartekoekin batera egin du agerraldia Reale Arenan, eta bertan jokatzeko deseatzen dagoela adierazi du. "Ilusio handiz hartu dut albistea, urteak daramatzat talde honetan baina inoiz ez dakizu pauso hau emateko aukera iritsiko zaizun. Momentu gogorrak bizitzea ere tokatu zait, eta horiek gaindituta, orain honekin gozatzea tokatzen da".
"POZTASUN HANDIZ HARTU DUT ALBISTEA"
Hala, Realari ematen dionaren eta Realetik jasotzen duenaren gainean ere egin du berba aretxabaletarrak. "Eguneroko entrenamenduetan hazten jarraitzen joateko aukera ematen dit Realak, eta harrobiko jokalaria naizenez, neska gazteendako motibazio iturri izan naitekeela uste dut". Hala, etorkizun laburrera begira dituen helburuen gainean ere egin du berba aretxabaketarrak "Futbol jokalari gisa hazten jarraitu nahi dut, eta Reale Arenan jokatzeko aukera izatea ederra izango litzateke".
"HARROBIAREN ALDEKO APUSTUAREKIN JARRAITZEN DUGU"
Albistearen berri emateaz batera talde txuri-urdinak harrobiko filosofiaren aldeko apustua egiten jarraitzen duela adierazi du, etxeko jendeari aukera emanez. "Maren Lezeta, bigarren taldeko jokalaria, lehen taldearen dinamikan egongo da eta bigarren taldearekin lehiatzeko aukera izango du. Realak bere aldeko apustua egin nahi du etorkizuneko proiektu gisa. Aretxabaletakoak debuta egin du denboraldi honetan lehen taldearekin. Maila nazionalean bigarren taldearekin protagonista, erdilariak Sanchez Veraren konfiantza bereganatu du bere kalitate tekniko handiari esker. Marenek 28 zenbakiarekin jokatzen jarraituko du lehen taldean".