Aretxabaletako Udalak antolatuta, Manex Beristain Agirre idazle azpeitiarrak bi saio egingo ditu: bata, Aretxabaletako udal liburutegian; eta bestea Arkupen.
Otsailaren 19an, 17:30ean, dolu prozesu baten ondorioa batzen duen Azken galdera amari liburuaren aurkezpen musikatua egingo du udal liburutegian. 5 urtetik aurrerako haurrentzat zuzendutako saioa izango da, eta heldu batek lagunduta joan behar dute haiek, haurrei zein helduei zuzendutako saioa baita. Heriotzaren eta doluaren inguruan kontzientzia sortzea eta horiek lantzeko tresnak ematea du helburu ipuinak. Egilearen eta bere familiaren bizipen pertsonaletik sortutako lana da. "Maitasun-istorio gordin bezain samurra" dela dio egileak. Joan nahi duenak aurrez gonbidapena jaso dezake liburutegian. Izan ere, egunean bertan, gonbidapena dutenek lehentasuna izango dute. Gero, edukiera bete arte sartu ahalko dira gainerakoak.
Barreterapia saioa
Ipuin musikatuaz gain, otsailaren 22an, 10:30ean, Arkupen, Hitzekin jolasean barreterapia saioa egingo du Beristainek. Barrearen onurak bizitzarako ardatz izanda, halako saioa izango da:"Barreterapia hazkuntza pertsonalerako eta ongizaterako prozesua izanda, barrearen eta bizipenezko hainbat trebeziaren bidez, orekan, asebete eta bizitzarekin bat eginda sentitzeko bidea landuko dugu". 16 urtetik gorakoentzat zuzendutako saioa izango da, eta izen-ematea zabalik dago hilaren 1a ezkero; plazak mugatuak izanda, interesa duenak liburutegira joan beharko du.