Aretxabaletara iritsiko da Master Laboral Kutxa

Imanol Beloki Unamuno 2025ko ots. 6a, 16:01

Master Cup txapelketako pilotariak talde argazkian.

Irati Betegi pilotari aretxabaletarrak etxeko zaleen aurrean jokatuko du domekan, Bidania-Goiatzeko Miren Larrarte pilotariarekin bikotea osatuz. Amaia Aldai eta Andrea Capellan izango dituzte aurkari, 12:00etan, Iturrigorri pilotalekuan.

Master Laboral Kutxa txapelketako Eskuz Binakako txapelketa nagusiko jardunaldia jokatuko dute domekan Aretxabaletako Iturrigorrin (12:00). Eguerdian jaialdi nagusia egingo dute, baina aurretik ere partiduak izango dira, 10:30ean hasita, eta hor pilota mistoko promesen bi norgehiagoka jokatuko dituzte. Esan moduan, elitekoen beste bi partiduak 12:00etan etorriko dira, elite mailakoa eta Urrezko Ligaxkakoa.

Elite mailakoa, etxekoa

Eta, hain zuzen, elite mailako lehenengo jardunaldian, Irati Betegi aretxabaletarrak etxeko zaleen aurrean jokatuko du, Miren Larrarterekin bikotea osatuta. Eta aurrean izango dituzte Aldai eta Capellan. Bertako pilotari batek jokatuta, Aretxabaleta eta inguruko pilotazaleentzat pizgarri berezia izango duela domekako ikuskizunak adierazi du Iker Amarikak, Emakume Master Cup txapelketaren sortzaileak: "Txapelketatik kanpo bada ere, Irati Betegi pilotaria bertatik bertara ikusteko aukera izango dute zaleek, lehen mailako partida batean. Miren Larrarte lagun duela, Aldai-Capellan bikote indartsuari egin beharko diote aurre, eta ikusiko dugu etxekoen aurrean nola moldatzen den atzelari debagoiendarra".

Urrezko Ligaxkako partidua

Binakakoan Arrate Bergara eta Olatz Arrizabalaga, Goiuri Zabaleta eta Uxue Oses partidua izango da Urrezko Ligaxkako norgehiagoka

Jarraian etorriko da pilota mistoko Urrezko Ligaxkako norgehiagoka, eta hor bailarako beste ordezkari bat izango da, Binakako Txapelketa Nagusiari hasiera ematen: Arrate Bergarak Olatz Arrizabalagarekin batera jokatuko du, eta aurrez aurre izango dituzte Goiuri Zabaleta eta Uxue Oses oñatiarra.

Iker Amarikak azpimarratu duenez, "nekez izan zezakeen Binakako Txapelketa Nagusiak hasiera hoberik", bi aurrelari txapeldun izango dira-eta Iturrigorri pilotalekuko norgehiagokan. "Bi aurrelari txapeldunen arteko lehiarekin ekingo zaio finalerdiak erabakiko dituen ligaxkari –Olatz Arrizabalagak azkeneko Binakakoa irabazi zuen Erasunekin, eta Goiuri Zabaleta da azkeneko Lau eta Erdikoaren garailea–.

Irati Betegi pilotari aretxabaletarra

Asteburu betea daukazu; egubakoitzetik martxan, ezta?

Bai, halaxe da. Euskal Ligako txapelketako partidua dugu egubakoitzean, Zaramagaren aurka. Binakako txapelketa da eta Antzuolako Olatz Insaustirekin arituko naiz. Duela hilabete hasi genuen txapelketa; ordutik hiru partidu jokatu ditugu, eta, hiruak irabazi.

Domekan, berriz, Master Cup txapelketa, elitekoekin. Gogoz zaude?

Iaz, Andramaixetan jokatu nuen lehenengo aldiz, eta, honakoa hirugarren aldia izango da elitekoekin arituko naizela. Ilusio berezia egiten dit, kontuan hartuta maila altua dela, eta esperantza bat ematen dizu noizbait elitera iristeko. Larrarte ezagutzen dut, kluben arteko partidu batetik, eta gure partidua erakustaldia bada ere, ez da partidu samurra izango. Oso onak dira aurkariak, gogorra izango da, eta, espero lehiatua izatea.

Zer nahiko zenuke domekarako?

Irabazten badugu zoragarri! Hala ere, herritarrak frontoira gerturatzea nahiko nuke. Emakumezkoen pilota partidu asko ez daude, nahiz-eta gero eta indar handiagoa hartzen ari diren. Halako partiduak antolatzea garrantzitsua da, eta, ikuskizun polita aurreikusten dut, hainbat partidu daudelako.

Denboraldirako zein asmo dituzu?

Ondo nabil orain arte, ikusiko dugu aurrera egin ahala. Eskuko minarekin ibili naiz, baina azken asteetan hobeto nabilenez, espero dut asteburuko partidua ondo joatea. Esandako moduan, Euskal Ligako partiduak ditugu orain, eta, martxoan Master Cup-eko promesen txapelketari ekingo diot.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak