Urtarrilarekin batera ekin zioten dantza entseguei 2006an jaiotako neska-mutilek, eta egubakoitz gauetan elkartu dira, Iturrigorri pilotalekuan. Entsegu nagusia, txistulariekin batera, bihar goizean egingo dute, eta azken gomendioak haiek emango dizkiete, usadioari eutsiz ondo pasa dezaten.
80 gazte kantuan eta dantzan
Nerabezaroa atzean utzi eta helduaroan barneratuko dira herriko 80 bat gazte, Santa Agedaren bueltako ohiturari jarraituz. Otsailaren 4an, auzorik auzo eta baserririk baserri ibiliko dira, Siziliako santuaren bizitza oroitzen duten koplak abestuz eta makila kolpeekin lurrari esnatzeko esanaz. "06:15ean abiatuko gara plazatik. Trikitilariak izango ditugu lagun eta txoko guztietara iritsi ahal izateko bi taldetan banatuko gara", adierazi dute. Eguerdian atseden hartuko dute, Ibarra tabernan bazkalduta, eta arratsaldean berriz ekingo diote lanari, iritsi ez diren baserrietatik pasatzeko.
Hurrengo egunean, eguaztenean, talde txikiagoetan banatuko dira, herriko enpresa, taberna, denda, ikastetxe eta etxe gehienetatik pasatu ahal izateko. Eta iluntzean, 19:00etan, lehenengo dantza saioa egingo dute plazan, herritarren aurrean. Horren ondoren, beste hiru domekatan egingo dute dantzan, eta, ohitura den legez, Aratuste-domekan bukatuko dute.
Hain zuzen ere, Aratuste domekan egin zuen dantzan lehenengoz hiru neskak aurtengo kintoak jaio ziren urtean. Eta handik bi urtera, 2008an, dantzan bakarrik ez, eskean eta kantuan ere mutilekin batera jardun zuten, eta, ordutik, gazte guztiek hartzen dute parte.
Neska-mutilak jaiari ekiteko gogotsu daude: "Umetako ilusioa da ospakizun honetan parte hartzea askorendako". Udalak ez diela aparteko baldintzarik jarri adierazi dute: "Errespetuz eta arduraz jokatzeko eskatu digute, eta elkarbizitza sustatzeko".
Abesbatza eta Basotxo ere bai
Santa Ageda bezpera egunez beste bi abestaldek ere girotuko dituzte kaleak. Aretxabaleta Abesbatzako kideak Herriko Plazan elkartuko dira, 18:00etan, eta GSR zaharren egoitzan egingo dute lehenengo geldialdia. Handik udaletxera joango dira, eta plazara itzuli; eguraldiak lagun eginez gero, Durana kalean ere abestuko dute.
Basotxo erretiratuen elkarteko kantu taldeak ere kalerik kale abestuko ditu Santa Agedaren omenezko koplak; 18:30ean abiatuko dira, Ilargi plazatik.