2023ko abenduaren 10ean bete zituen 30 urte euskara elkarteak, eta hainbat ekitaldi antolatu zituen horren bueltan iaz. Urteurrena agurtzeko unea iritsi da, eta hori egingo du Goiena Komunikazio Taldeak ekoiztutako dokumentalarekin. Loramendiren ibilbidearen berri emateko bost lagun batu ditu: elkartearen sortzaileen artean dagoen Jasone Gorroño; 2004 eta 2014. urte artean presidente izan zen Iker Urkia; Aretxabaletako Komunikabideak-Loramendi elkarteko presidente ohi Edorta Mendieta; eta gaur egungo presidente Lierni Zangitu eta zuzendaritza batzordeko kide Julen Perales. Datorren eguenean, urtarrilaren 30ean, emango dute, Arkupen, 18:30ean, eta herritar guztiak gonbidatu dituzte bertara; bereziki, elkarteko bazkideak.
Egindako lanari "balioa eman"
Gorroñok elkartearen lehen pausoak ekarri ditu gogora: "1986an, AEDn bazkide ziren batzuek proposatu zuten Aretxabaletan beste euskara elkarte bat egitea. Jende mordoa elkartu ginen, lanerako gertu". Beinke izena jarri zioten kultur elkarte hari eta lantaldeak sortu zituzten haren baitan; Tril emakume taldea, esaterako. Ondoren, 1993an etorri zen euskara elkartea, Loramendi ikastola eta Beinke batuta: "Orduan hasi ginen San Migel jaiak ospatzen, eta dantza ere sortu zen". Urkiak, era berean, maiatzean egiten zen Euskararen Eguna ekarri du gogora, baita euskararen erabilera pizteko sortutako esketx laburren ekimena ere. Itxia atia zabalik lelodun kanpaina abiatu zuten orduan, herritarrak elkartera gerturatu zitezen.
Mendietak, ostera, "euskara bultzatzeko orduan" tokiko komunikabideen eginkizun garrantzitsuari eman dio balioa; Loramendiren babesean sortutako Atxabalta telebista eta Loramendi, esaterako.
Urteetan abian jarritako proiektuek euskarari eta herriari berari egindako ekarpena gogorarazi dute Zangituk eta Peralesek, eta atzera begiratzearen garrantzia azpimarratu: "Jakitun izan gaitezen 30 urteotan zenbat lan egin duten elkarteak eta haren bueltan ibilitakoek".
Goiena telebistan hilaren 31n
Behin dokumentala Arkupen aurkeztuta, hurrengo egunean, urtarrilaren 31n Goiena telebistak emango dute, 20:00etan eta 22:00etan.