Txikitatik izan duzu musikarekiko lotura?
Bai; etxean betidanik izan dugu musika asko entzuteko joera, eta entzuten genuenetik rocka zen gehien erakartzen ninduen estiloa. Horrek gitarra ikastera bultzatu ninduen.
Zer musika estilorekin identifikatzen duzu zeure burua?
Metala eta rocka oso gustuko ditudan bi musika estilo dira, azpigenero guztiak barne hartuta. Zalantzarik gabe, gehien entzun ditudan estiloak izan dira, eta horrek motibatu izan nau nerabezaroan gitarra hobeto jotzen ikastera. Hala ere, reggae, folk, jazz, blues, pop, tekno eta brass bandak ere gustuko ditut, eta, batez ere, azken urteetan metal estilotik aldentzen joan naiz, beste estilo horiei tokia uzteko.
Hainbat proiektu dituzu esku artean; zer egoeratan daude?
Batetik, iaz sortutako Txit Karramarro taldearekin lehen diskoa grabatuko dugu, kuartelean, otsailean, eta, ondoren, kontzertuak jotzeari ekingo diogu. Bestalde, duela gutxi, Aretxabaletako Nhil taldeko kideek eurengana batzeko gonbidapena egin zidaten, eta, ilusio handiz, baiezkoa eman nien; eurekin ere disko bat daukagu esku artean.
Estilo askotariko taldeetan zaude, hortaz, eta, gainera, gitarra klasikoarekin ere ikusi zaitugu; gustura ari zara?
Bai; urtarril hasieran, gitarra klasikoarekin konposatutako Belar txar kantua kaleratu nuen, Bassabe izenpean. Asko gozatu dut sorkuntza prozesuaz; beraz, aurrerantzean ere jarraituko dut noizean behin kantuak kaleratzen. Zoragarria da hiru musika proiektutan egotea, estilo ezberdinez gozatzeko aukera ematen didalako.
Ikasketak ere musikari bideratutakoak aukeratu dituzu, ezta?
Bai, batxilergoa bukatzen ari nintzela, garbi nuen musikari lotutako ikasketak egin nahi nituela. Hortaz, 2023an, Ekoizpen Musikala ikasten hasi nintzen, Gasteizen. Horrez gainera, unibertsitatetik kanpo, Aretxabaletako kuartelean ibiltzen naiz musika taldeen lanak grabatzen, eta asko ikasten ari naiz bertan.
Badirudi nahiko garbi duzula etorkizuna musikarekin lotuta irudikatzen duzula; hala da?
Noski; neure burua musikarekin lotura duen toki batean irudikatzen dut. Oraindik ez dut garbi zer arlotan ibili gura dudan, baina musikaren bueltan izango da, ziur.
MOTZEAN
Janari gustukoena? Buztana.
Mendia ala hondartza? Mendia.
Parranda ala Netflix? Parranda.
Patata-tortilla, tipularekin ala barik? Tipularekin.
Abesti bat? Herriko gaiteroen Itzurun.
Bidaiatzeko toki bat? Pirinioak.