Sorpresa ederra hartu zuten 721-Gogor Gabiltza taldekoek Ekinez jaialdian joko dutela jakin zutenean. Markel Bengoa (Aretxabaleta, 2000) da abeslarietako bat; ezin gogotsuago dago biziko duten fase berrirako.
Nola hartu duzue Ekinez jaialdian jotzea ahalbidetuko dizuen saria?
Oso gustura, pozik eta gogotsu. Sekulako aukera izango da Ekinez jaialdia egiten dugun musika erakusteko; irrikaz gaude bertan jotzeko.
Espero zenuten saria jasotzea?
Inondik inora ere ez. Talde barruan komentatu genuen itzela izango litzatekeela Ekinezen jotzea, baina, ez dakigu zergatik, antolakuntzak beste profil bat bilatuko zuela uste genuen. Eta ez, aukeratu egin gaituzte, eta... itzela da, benetan.
Saria jasotzean esan zenuen antolakuntzak asmatu duela zuek aukeratzean; zergatik esan zenuen?
[Barre] Urduri nengoelako eta egin zenidaten galderaren aurrean zer esan ez nekielako irten zitzaidan hori... Zuzenekoaren gajeak. Uste dut bai garela talde ezberdina, trapa eta punka nahasten duten talde askorik ez dago-eta gure inguruan. Horregatik, oraindik ere uste dut ondo aukeratuta dagoela.
Ekinez jaialdia ezagutzen duzue?
Ni neu ez naiz sekula egon, baina badaukat jaialdiaren berri. Berezia izango da, zalantza barik; Danbakan kontzertu erdi talde osoarekin egin genuen eta beste erdia, zuzeneko instrumenturik gabe. Ez genuen izan nahikoa denbora dena ondo prestatzeko. Ekinezen denok joko dugu batera emanaldi osoan; erabateko ikuskizuna izango da. Hau da, Danbakako eta Ekinezeko emanaldiak oso ezberdinak izango dira.
"Disko berria ari gara grabatzen; abesti berriak jo nahi ditugu Ekinez jaialdian"
Zein puntutan dago taldea orain?
Disko berria ari gara grabatzen, dena gure kontu. Lan erdiak eginda ditugu, eta espero dugu hilabete eta erdi barru argitaratu ahal izatea. Irrikaz gaude. Hain zuzen ere, disko berriko abesti guztiak jo nahi ditugu zuzenean Ekinezen.
Kuartelean ari zarete grabatzen.
Gure etxea da, sekulako espazioa. Denetarik dago, denok sortzen. Etxean baino denbora gehiago pasatzen dugu bertan.
Diskoak badu aurkezpen-egunik?
Martxoaren 28an izango da, Bergarako kartzela zaharrean.
Gozatu duzue Danbakan?
Asko. Lekua, muntaia, lantaldea... Sekulako aukera da, benetan.