Jabetze Eskolak gertu du udara arteko egitaraua

Mirari Altube Arrese 2025ko urt. 23a, 17:48

Malena Gonzalez teknikaria eta Ainhoa Sanchez zinegotzia.

Feminismo de(s)kolonialaren gaineko hitzaldiarekin ekingo diote otsailean, eta ondoren izango dira Hetero liburuaren aurkezpena, LGTBI-fobiaren gaineko solasaldia, booty dance dantza eta hilerokoaren gaineko tailerrak eta tuppersex tailerra.

Bigarren Jabetze Eskola 2024ko udazkenean egindako lehenengoaren ildo beretik dator; hau da, hitzaldiak eta tailerrak protagonista izanda. Oraingoan, baina, indartu egin gura izan dute eskola, lan-saio gehiagorekin. Udaleko Berdintasun Saileko kideek, Ainhoa Sanchez Garcia zinegotziak eta Malena Gonzalez Altuna teknikariak aurkeztu dute otsailetik ekainera izango den egitaraua.

"Hausnarketa eta gozamena"

Herritar gehiagorengana iritsi gura dute bigarrenarekin; horregatik, eduki gehiago eta askotariko formatuak uztartu dituzte: "Hausnarketa saioak eta gozatzeko saioak bateratzearen alde egin dugu. LGTBI gaiak, esaterako, presentzia handiagoa izango du oraingoan, eta, formatuari dagokionez, beste era bateko tailerrak ere sartu ditugu; dantza eta tuppersex-a, adibidez. Saio gehienak euskaraz izango dira, bi izan ezik". Inguruan bizi diren adituen aldeko hautua egin dute, gainera, eta hizlarien artean daude Bergaran bizi den Luciana Alfaro Lavado aktibista feminista eta Aretxabaletako Idoia Sanchez Garcia erizaina eta hezitzaile menstruala.

Hitzaldietarako ez dago izenik eman beharrik, baina tailerretarako bai. Berdintasun Sailera idatzi behar da: berdintasuna@aretxabaleta.eus; horretarako azken eguna otsailaren 28a da.

Ikastetxeetara, berri ematera

Berdintasun Saileko kideak pozik daude I. Jabekuntza Eskolaren emaitzarekin: "Emakume helduak izan ziren gehiengoa eta balorazio positiboa egin zuten". Gazteengana eta nerabeengana ere iritsi gura dute, eta ikastetxeetara joango dira egitarauaren berri ematera.

Txoko Feministak, datarik ez

Saioak Arkupen izango dira, Txoko Feministak ez duelako irekiera-datarik. "Aurrera begira asmoa da jorratutako gaiak eta zeharka landutakoak, harremanak, esaterako, Txoko Feministan txertatzea". Era berean, ekarpenak eta proposamenak jasotzeko gertu daude: "Herritarrekin eta herriarendako osatu gura dugulako Jabetze Eskola".

Egitaraua

Otsailak 19, eguaztena

• 18:00 Hitzaldia: Descentrando miradas: introducción al feminismo de(s)colonial para transformar luchas locales. Luciana Alfaro –Emakumeen Mundu Martxa–.

Martxoak 12, eguaztena

• 18:00 Aurkezpena: Hetero liburua. Uxue Alberdi eta Oihana Arana.

Martxoak 26, eguaztena

• 17:00 Tailerra: Hilekoaren zikloa berrezagutzen. Idoia Sanchez.

Apirilak 10, eguena

• 18:00 Hitzaldia: Las distintas dimensiones de la LGTBI+fobia: qué significa ser visible, principalmente para las mujeres lesbianas. Aldarte elkartea.

Maiatzak 10, zapatua

• 10:00 Dantza tailerra: Boterea, ahizpatasuna, perreoa. Maiatzak 15, eguena • 18:00 Hitzaldia: Pluralean hobeto: ezberdintasunetik dibertsitatera. Ekua elkartea.

Ekainak 4, eguena

• 17:00 Tuppersex tailerra: Produktu erotikoak ezagutzen. Idoia Sanchez.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak