Pentsioen Sistema Publikoaren aldeko borrokak zazpi urte bete ditu aurten eta, "pentsioak osatzeko euskal sistema bat sortzea" aldarrikatzen dihardute Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimendutik. Horrekin bat egin duen taldetxo bat sortu da Aretxabaletan, beste hainbat herritan legez, eta elkarretaratzeak egingo dituzte hamabostean behin, gaur hasita, sinadurak batzeko.
Ekimenarekin eskatzen dute gutxieneko pentsioak osatzeko euskal sistema bat garatzea: "60 urtetik gorako pentsiodun guztiei, ofizioz, gutxieneko diru-sarrera duinak bermatzeko". Baita pentsiodunen diru-sarrerak osatzea ere, Lanbide Arteko Gutxieneko Soldataren %100arekin parekatu arte. Horrez gain, eskatzen dute Herri Ekimen Legegilean zehaztutako pentsio-osagarria modu indibidualizatuan aplikatzea jasotzaile bakoitzari.
Gutxieneko pentsioetan dagoen genero-arrakala murrizteko ekimena ere badela adierazi dute gaur elkartu direnek: "Lanbide arteko Gutxieneko Soldata baino diru-sarrera txikiagoak dituztenen %70 emakumeak dira; eta gehienek 850 euro baino gutxiago jasotzen dituzte. Horiek ere bizitza duina merezi dute. Eta itxaropentsu gaude".
Herri Ekimen Legegile hori maiatzean eztabaidatuko dute legebiltzarrean, eta helburua da 10.000 sinadura jasotzea apirilaren 24rako. Aretxabaletan, elkarretaratze egunetan bertan, Herriko Plaza barrenean, jasoko dituzte horiek.