Mondragon Unibertsitateko Ikus-entzunezko Komunikazio Graduko ikasleek gertu dute 18. Huhezinema Jaialdia. Urtarrilaren 22tik 24ra bitartean egingo dute, Arkupen, eta lan-saioak, sari-banaketa ekitaldia eta jaia uztartuko dituzte.
Eguaztenean ekingo diote lan-saioari, Ondarroako emakume talde batek 2024ko uztailean Ondarroatik Donostiara egindako zeharkaldia jasotzen duen Andrak Erramutan dokumentala ikusita; protagonistak han izango dira, bizipenak partekatzeko. Iluntzean, ostera, Bergara-Antzuolako Lemak taldea igoko da oholtzara; hain zuzen ere, Bideoklip Saileko finalistetako bat da.
Egueneko saioan bi hitzaldi izango dira, zinema-zuzendari ibilbidea pauso sendoz ematen dabiltzan Aitzol Saratxaga, Jone Arriola, Alba Lozano eta Uxue Botas gazteen eskutik.
94 lan, 29 finalean
Egubakoitzean lehiaketa izango da protagonista. Antolatzaileak pozik daude jasotako lan kopuruarekin, 94 guztira, iaz baino hamahiru gehiago: "Askotariko gaiak landu dituzte eta maila handikoak dira". Lanetatik %61 euskaraz egindakoak izan dira eta %43k emakume zuzendariak dituzte. Aurkeztutakoetatik 29 izango dira finalean, hiru sailetan banatuta: Sail Ofizialean, zortzi; Ikasle Sailean, beste zortzi; eta Bideoklip Sailean, hamahiru. "Kanpoan geratu diren beste lan asko sartuko genituzke, baina ezinezkoa izan da", adierazi du Huhezinemaren programazio lantaldeak.
Irabazleak hautatzeko, adituekin osatu dute epaimahaia; honako hauen eskuetan izango da epaia: Aitor Oñederra –arte eszeniko eta musikaletarako animazioen sortzailea–; Maitane Carballo –soinuan aditua, film muntatzailea eta zuzendaria–; eta Katty Pochelu –iazko Huhezinema saria irabazi zuen film laburraren ekoizlea–.
Era berean, jaialdia aurkezteko aurpegi ezagunak gonbidatu dituzte: lehen egunean Jon Castañeda abeslari eta kazetariak jardungo du; bigarrenean, Xuban Garmendia eta Oier Gastesi Ikus-entzunezko ikasleek; eta hirugarrenean, Ana Goitia kazetari eta aktoreak.
Hona hemen finalista guztiak
Sail Ofiziala:
- ● Komando Marmitako – Uxue Botas & Ane Nafarrate
- ● Plazer Bat – Sonia Estévez Fernández
- ● Hor Konpon – Jone Arriola
- ● Utländsk – Alba Lozano
- ● 29 de febrero – Diego Fandos
- ● Gure oilarra kanpoan da – Carlota Galilea
- ● Planetagatik – Eneko Muruzabal Elezcano
- ● Bidean – Imanol G. Gurrutxaga
Ikasle Saila:
- ● Patrimonio – Aitor Abio
- ● Enarak – Paula Moreno
- ● Lotura Debekatuak – Nahia Cisneros Gomez
- ● Trabatutak – Gorka Granado Terrones
- ● Larramendi – Dani Nespereira Rojo
- ● Argi Ta Garbi – Aner Olaizola & Danel Ezpeleta
- ● Pesadilla en Nueva York – Yaiza Gonzalez Gallego
- ● Erlojuaren Orratzak – Markel Azpeitia Alkorta
Bideoklip Saila:
- ● Itxoiten / Lemak – Xabier Martin Madariaga
- ● Esku burdin / J martina – Ximon Agirre
- ● Negua / Txopet – Maitane Campos Fundazuri
- ● Euripean / The Clayton – Asier Elgezua & Mikel Cubillo
- ● Hor Gaude / Neomak – Asier Elgezua & Mikel Cubillo
- ● Ametsen Batean / TOC – Ximon Agirre & Maria Muriedas
- ● John Wine / Zaparra – Koldo Aguirre
- ● Bi Miru Gu / TOC (Feat. Hofe) – Maria Muriedas & Ximon Agirre
- ● Donde / Kai Nakai – Julen De La Serna Martinez
- ● Metxa / Kai Nakai & Akaleia – Iratxe Aguilera Barrio
- ● Akhelare / Zilibito X Malakias – Aner Olaizola Aramendi
- ● Negua / Eider (Feat. Maren) – Andoni Clavo Etxaniz
- ● Niña soñando / Verde Prato – Maria Muriedas
Egitaraua
Urtarrilak 22, eguaztena
- • 11:00 Andrak Erramutan dokumentalaren emanaldia eta solasaldia protagonistekin.
- • 17:00 Bideoklip Sailaren emanaldia; hamahiru finalista.
- • 19:45 Kontzertua: Bergara eta Antzuola aldeko Lemak taldea.
Urtarrilak 23, eguena
- • 11:00 Eskola magistrala: Zuzendaritza artean sakontzen. Aitzol Saratxaga, film-zuzendaria eta musika-konpositorea.
- • 16:00 Ikasle Sailaren emanaldia (I); guztira zortzi finalista.
- • 17:30 Ikasle Sailaren emanaldia (II).
- • 19:00 Solasaldia: Lehen urratsak zineman. Jone Arriola, Alba Lozano eta Uxue Botas film-zuzendariak.
Urtarrilak 24, egubakoitza
- • 16:00 Sail Ofizialaren emanaldia (I); guztira zortzi finalista.
- • 17:30 Sail Ofizialaren emanaldia (II).
- • 19:30 Sari-banaketa ekitaldia.
- • 20:30 Luntxa. Arkupe kultur etxean izango dira ekitaldi guztiak.