Auzoetako bideak garbituta, beste lan batzuk egitea helburu

Mirari Altube Arrese 2025ko urt. 16a, 18:23

Arkarazoko bidegurutzea.

Herriko landa-auzoetako "baldintzak hobetzeko konpromisoa" hartu zuen Udal Gobernuak, eta dagoeneko hasi direla horretan adierazi dute. Auzo-alkateekin elkartuta lanketa bat egin dute, eta haien proposamenak hartu dituzte abiapuntu. Lan txikietatik hasi eta handiagoei heltzen joatea da asmoa.

Orain arte egindakoen artean daude auzoetako bide bazterrak garbitzea. "Oro, Larrino, Goroeta, Aozaratza, Bolinaga, Arkarazo, Apotzaga-Etxebarri, Galartza eta Isurieta auzoetakoak, batik bat, guztira 10 kilometro. Gainera, konpromisoa hartu nahi du Udalak auzoetako arekak, ahal den heinean, garbi mantentzeko", adierazi dute prentsa-ohar bidez.

Behin horiek eginda beste lan batzuk etorriko dira; adibidez, Galartzako dorrea inguratzen duen horma konpontzea eta Larrinoko frontoia eta txintxaunak berritzea.

Horiez gain, ur-hartune gehiago jarri gura dituzte auzoetan, suteei aurre egiteko: "Horretarako, suhiltzaileekin lanean ari da Udala; mantentze-lanetan laguntzeko, esaterako". Auzoetako bizilagunei formakuntza ematea ere asmoen artean dute.

Asfaltatze-lanak, abuzturako

Asfaltatze-lanak ere egin gura dituzte: "Oroko Agarre eta Galartzako Etxezuriko bideek asfaltatu beharra daukate. Goroetan, ostera, Errekabitarteko bidea konponduko da". Lan horiek abuztu alderako aurreikusi dituzte. Horiez gain, pista zein oinezkoentzako bideei ere helduko dietela gaineratu dute: "Zuloak konpondu eta beste hainbatetan pistak hormigoitu egingo dira".

Bukatzeko, argiteria publikoa zabaltzeko lehen pausoak eman gura dituzte: "Auzotarren aspaldiko eskaera da eta proiektu bat enkargatuko da horretarako, beti ere, auzo alkateekin adostuta". Udalaren helburua da "segurtasuna bermatzen duen argiteria" egotea.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak