Gabon sasoiko ekitaldirik estimatuenak berritasunekin datoz. Lanketa bat egin dute udal ordezkariek guraso elkarteetako kideekin, eta ondorioetako bat izan da Gabonei "magia falta" zaiela. Berreskuratze aldera, aldaketa batzuk egitea onartu dute, eta, horregatik, abenduaren 24 eguerdian Olentzero eta Mari Domingi ez dira plazara joango.
Olentzeroren laguntzaileak
Goiz partean, 11:00etan abiatuta Herriko Plazatik, kantuan jardungo dute neska-mutikoek eta Basotxoko kantu taldeko kideek, txistularien laguntzarekin; 5 urtekoak, ohi legez, zaharren egoitzara joango dira. Orduan, Olentzeroren laguntzaileak iritsiko dira Isurieta aldetik umeen gutunak jasotzera. Eta guztiak elkarrekin txorizo-ogitartekoa jango dute gero, plazan.
Iluntzean, 18:30ean, ostera, menditik, Arkarazotik bueltan iritsiko dira Olentzero eta Mari Domingi, idiekin, Araba ibilbidera; eta betiko ibilbidea egingo dute. Aldaketa horien guztien berri emateko gutun bat bidaliko dute bi pertsonaiek.
Gurasoekin egindako lanketa horren beste erabakietako bat izan da Bizarzuri kentzea, bestak indartze aldera: "Hausnarketaren ondorioa izan da erregeen mezularirik ez pasatzea, indarrak batzeko Olentzero eta Mari Domingiren eta Errege Magoen desfileetan". Hain zuzen Meltxor, Gaspar eta Baltasarrek urtarrilaren 5ean egingo duten desfilean ez da aldaketarik izango.
Egutegia, gaurtik hasita
Aretxarte merkatarien elkarteak, berriz, hainbat opari prestatu dizkie bezeroei; gaur, esaterako, 2025eko egutegiak banatzen hasiko dira. Hilaren 23an, txu-txu trena iritsiko da herrira, merkatariek gonbidatuta, herriko txokoetan barrena ibiltzeko. Egun horretan, gainera, Gabonetako erakusleiho lehiaketaren sariak banatuko dituzte. Eta abenduaren 30ean, Polarix ikuskizun ibiltariak girotuko ditu kaleak.
Gabonetako jolas parkea
Urte berrirako, haur parkea antolatu Udalak, Ibarra kiroldegian. Urtarrilaren 2an eta 3an egingo da, 11:00etatik 13:00etara eta 17:00etatik 20:00etara; eta 3 eta 12 urte bitarteko haurrei bideratu diete. Eskulan txokoak, puzgarriak, ohe elastikoak eta bideojokoak izango dituzte, besteak beste.
Sarrerak egunean bertan erosi ahal izango dira, kiroldegiko atean: egun bakarrekoaren prezioa 6 euro da eta bi egunekoa, 10 euro. Hirugarren seme-alabaren sarrera doakoa izango da, familia ugariaren txartela aurkeztuta.
Sorkuntza lehiaketaren saria
Bestetik, Bergarako Idazle Eskolak eta Udalak deitutako Karmele Igartua XIV. sorkuntza lehiaketaren sariak banatuko dituzte bihar, zapatua; Arkupen egingo dute ekitaldia, 12:00etan. Hamazazpi narrazio-lan jaso dituzte guztira.