Dab dantza konpainiak "emozioak areagotzen" dituen dantza ikuskizuna egingo du datorren eguenean, hilaren 19an; Arkupe kultur etxean izango da, 19:00etan.
Testuinguru latzean, gerran hain zuzen ere, gizaki izateak esan nahi duenaren esentzian murgilarazi gura duen obra da Nun zira?. Gerrak nortasuna birplanteatzera behartzen du gizakia eta lanak berreraikitze prozesua islatzen du, norberaren lehentasunak zalantzan jarri eta aurrera jarraitzeko indarrak aurkitzera gonbidatuz.
Iker Sanzen ideian oinarritutako ekoizpena da, zuzendari artistikoa Xian Martinez izanik; musika, Iñaki Palaciosek egin du.
Gurrutxaga eta Galartza
Txalo Produkzioak konpainia Almazenean antzezlanarekin etorriko da egubakoitzean, Iker Galartza eta Zuhaitz Gurrutxaga protagonista dituela. Erretiroa hartzeko dagoen arduraduna eta bere lanpostuan ordezkatuko duenak bost egunez lantokia partekatuko dute, itxuraz deus gertatzen ez den almazen huts batean.