Motor istripua izan zuen Ekain Andres Iglesiasek ibilgailu batekin, Vietnamen, 2023ko apirilean, eta lekuan bertan hil zen. Aretxabaletako gazteak ez zuela errurik izan uste izan dute senideek beti, eta hori baieztatu duen epai ofiziala jaso dute oraintsu. Albistearen berri sare sozialen bidez eman dute, eta pozik daude: "Gidaria jo dute erruduntzat, eta, azkenik, Ekainen errugabetasuna frogatua izan da". "Indemnizazio txiki" bat ere jaso dutela adierazi dute: "Zati txiki bat gidariak ordaindu du eta bestea, gidariaren enpresak".
Gaztearen ama eta arreba istripua izandako lekua ezagutzera joan ziren aurtengo udan, baita gidariarekin egotera ere: "Barkamena eskatu nahi izan zigun, eta benetan damututa eta hunkituta zegoela erakutsi". Eguzki-izpiek itsutu egin zutela azaldu zien: "Gizon hura barkatzeko gai izan ginen, eta harekin enpatia izateko". Istripua izandako lekuan plaka bat jarri zuten elkarrekin, haren oroimenez.
Prozesu judiziala Ekainlore proiektuari esker aurrera eraman ahal izan dutela gaineratu dute senideek eta oso eskertuta agertu dira babesa emandakoekin: "Guzti hau Ekainlore proiektuari esker izan da posible, zuei esker, zuen sostengu eta babesari esker. Betirako eskertuta egongo gara zuekin".