Berehalakoan moztu du UDAk "bolada txarra"

Xabier Urtzelai 2024ko abe. 15a, 19:00

Bi partidu jarraian galtzeari ezin zaio "bolada txar" deitu, baina hala izanda ere, Aretxabaletak berehalakoan eten du joera hori. Gaur Calzonen mutilek 3-2 irabazi diote sailkapenaren erdian dagoen Touring taldeari.

Lehenengo itzuliari bi jardunaldi geratzen zaizkio, eta dagoeneko Aretxabaletak 25 puntu ditu. Datorren asteburuan Eibarren zelai zailean –laugarren daude– aparteko etekinik ateratzen ez badute ere Calzonen mutilek lasai asko jan ahal izango dute mahatsa urte amaierako kanpai hotsak entzuten dituzten bitartean, liga erdian lana oso ona izan delako. Eurek ez dute halakorik onartu nahi izango, hemen ez dagoelako erlaxatzerik, baina edonork sinatuko zukeen hau irailaren 8an San Viatorren zelaira joan ziren lehen jardunaldian.

Indarra ematen duen garaipena

Gaur Aretxabaletak 3-2 irabazi dio Touringi, eta ondo sufritutako garaipena izan da. "Egutegian markatuta geneukan partidua, bagenekien irabazteko moduko partidua zela. Jakinekoa zen Touringek maila oso oneko jokalariak dituela eta zelai erdia irabazi nahi genuen, bagenekien zelai erdiaren jabe egiten zenak irabaziko zuela partidua, edo asko izango zuela irabazita. Estrategia jokaldiek pisu handia izan dute, eta hor egon da klabea", adierazi du Unai Calzonek. "Gabonetara lasai joateko datorren astean punturen bat ateratzea ederra litzateke, nahiz eta badakigun Eibar orain momentuan oso momentu onean harrapatuko dugula".

500 ikusle harmailetan zeudela, 20. minutuan aurreratu da etxeko taldea, estrategia jokaldian Urretak egindako golari esker (1-0). Nauzetek lehenengo zatian geldiketa nabarmenen bat edo beste egin du, baina lehenengo zatia amaitu aurretik Nauzetek egin du 2-0ekoa, buruz, Urbiren erdiraketa bat ondo errematatuta. Touringek, baina, ez zuen amore horren erraz eman behar, eta 2-1ekoa egin dute 70. minutuan, eta 2-2koa 80.enean. Bistan zegoen azken minutuak infartukoak izan behar zirela, kanpotarrek izan dute garaipena etxera eramateko aukera garbia baina etxekoak izan dira garaipenaren (3-2) gola egin dutenak, zaleen gozamenerako.

Ohorezko erregionalean, Bergara indartsu

Mahoneroek indartsu jarraitzen dute, etxean Urolaren kontra 2-0 irabazi eta gero. Bigarren daude sailkapenean, eta zarautz da aurretik dagoen talde bakarra. Mondrak, berriz, 1-1 egin du etxean Beti gazteren kontra, aulkian Jorge Davila egon den lehen partiduan. Eta Aloña Mendik ere berdindu egin du, 2-2, Hernaniren zelaian.

Emakumezkoen Ohorezko erregional mailan, berriz, Bergarak indartsu jarraitzen du –bigarren postuan– asteburuan Hernaniri 1-0 irabazi ostean.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak