Herriko merkatariek, artisauek eta ekoizleek izango dute lekua Durana kalean kokatutako karpetan. 25 postu inguru izango dira: hamabi artisauenak, bost merkatarienak –Almila Shop, Tak, Kiloka, Hankabeltz eta Belar Meta–, hiru ekoizleenak –Errastiko Ogia, Mendibitzu eta Marije Revuelta– eta beste hiru bat elkarteetako ordezkariek jarritakoak; horien artean izango dira Hiruatx, UDA eta Zaporeak.
Horiez gain, herriko hainbat idazlek ere parte hartuko dute, besteak beste, Josune Murgoitiok, Judit Ruiz de Muniainek eta
Gemma Iñiguezek.
Ghanarako laguntza
Hiruatx elkarteak liburuak salduko ditu, bidezko merkataritza produktuak eta Ghanan ekoiztutakoak. Hain zuzen, Aretxabaletako elkarteak Afrikan abiatu du azken proiektua; Ghanako Asuoya udalerriko Learning Center gazteentzako Lanbide Heziketa Eskolan eguzki-plakak jarri nahi dituzte. Horren helburua da elektrizitate-hornidura fidagarria bermatzea, energia-iturri berriztagarri eta jasangarria izatea eta elektrizitate-kostuak murriztea, besteak beste.