Areantza auzoko Etxebarri baserriko Lastakaran elkartu zen azaroaren 26an ia 40 laguneko taldetxo bat. Julen Abasolok gonbidatu zituen, eta, Areantzakoez, gain beste auzo batzuetako bizilagunak ere batu ziren deialdira; Arkarazoko, Mendiolako eta Aozaratzako hainbat, esaterako. "Gaztaina kontuak" partekatzea zen helburua, eta kontu-kontari jardun zuten, sasoi bateko bizipenak eta istorioak gogora ekarriz. Egonaldia goxatu zuten, gaztaina erreak janda eta txokolate beroa hartuta.
Arto-zuriketa, bideoan
Ez da egiten duten lehen bilkura izan. Iazko azaroan ere elkartu ziren Etxebarriko Lastakaran; orduan, ia 50 lagunek arto-zuriketan jardun zuten. Ekimen hura ere Abasoloren burutazioa izan zen, eta kontakizun asko ekarri zituzten gogora "transmisioari eutsi nahian". Orduko hura irudietan jaso zuten, gainera, eta bideo hori erakutsi zuten gaztaina kontuak partekatzeko elkartutakoan. Ikus-entzunezko hori dagoeneko Youtuben jarri dute ikusgai, Kanpai-joleak kanalean.