Euskal hiztunen sarea indartzeko lanei ekingo diete Aretxabaletan

Mirari Altube Arrese 2024ko aza. 11a, 16:05

Udal ordezkariak, elkarrizketetan parte hartuko duten hainbat eragilerekin.

Euskara indarberritzeko eta euskaldunak ahalduntzeko helburuarekin, AROA plana landu du Eusko Jaurlaritzak, eta Aretxabaletako Udalak hori diseinatzeko prozesua jarri du abian. Horretarako, diagnostikoa egingo du lehenengo, herritarren laguntzarekin.

Euskal hiztun aktiboak eta ahaldunduak dituen komunitatea indartzea helburu duen AROA izeneko plana garatu du Jaurlaritzak, eta udalerrien esku jarri. Aretxabaletako Udalak horri heldu dio eta prozesua abiatzea erabaki du. Horretarako, udalerriaren gaur egungo egoeraren azterketa sakona egingo du, batetik, eta datozen urteetarako plan estrategikoa diseinatu, bestetik. Eta lan horietarako herritarren parte-hartzea "ezinbestekoa" izango dela adierazi dute.

Galdeketa betetzeko eskaera

Diagnostikoa egiteko datu-jasotzea egingo dute lehenengo, hiru bide erabilita: batetik, aurretik jasota dagoen informazioa aztertuta – txostenak, ikerketak…–; bestetik, herritarrei eta eragileei elkarrizketak eginda –adina, generoa, jaioterria, euskara-gaitasuna… kontuan hartuta–; eta hirugarrenik, galdetegi bat zabalduta. Horren bidez ahalik eta herritar gehienen iritziak jaso gura dituzte, eta 16 urtetik gorakoei bideratu diete; gaztelaniaz erantzuteko aukera ere egongo da. Galdetegi hori posta elektronikoz eta Whatsappez zabalduko dute, baita paperean ere, eta azaroaren 20ra bitartean bete beharko da. Hemen galdetegia.

Herritarrek beste zeregin bat ere izango dute: "Planaren diagnostikoa kontrastatzeko eta aurrera begirako diseinua egiteko herritarren parte-hartzea lortu gura da". Horretarako, hausnarketa-batzorde bat eratuko dute, eta abenduaren 3an egingo duten batzarrean parte hartzera animatu dituzte. "Batzorde horretan planaren bide-orri egoki bat atondu gura da". Hiru saio izango dira, bi ordukoak: lehenengoa aurten eta datorren urtean beste biak.

"Datu kezkagarriak"

Udal ordezkariak kezkatuta daude, "urtez urte gaztelaniaren erabilera indartzen" doala iritzita. Soziolinguistika Klusterrak 2021ean egindako azken inkestaren arabera, hamar herritarretik lauk soilik egiten dute euskaraz kalean; duela hamar urtetik hona 9 puntu jaitsi da erabilera. Adin tarteari erreparatuta, 14 urte artekoak dira euskara gehien erabiltzen dutenak, baina azken hamar urteotan 14 puntu egin du behera gaztetxoenen kaleko erabilerak. "Datu kezkagarriak dira, eta, horregatik, zentzu handiagoa hartzen du AROA ekimena abiatzeak".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak