Kadete mailan, kata modalitatean "parte hartze diskretua" izan zuen Bartolomek, eta ez zuen lehen kanporaketa gainditu. Kumite modalitatean (61 kilotik gorakoen artean), ostera, lehen aurkaria gainditu eta arratsaldeko finalean sartzea lortu zuen. Finalean, Arianek ez zuen aurkaria gainditzerik izan, "esperientzia eta tamaina handiagoko" gasteiztarra izanik. Hortaz, zilarrezko domina eskuratu zuen.
Uribeetxeberriak nagusitasunez garaitu zuen lehen aurkaria. Finalerdian, baina, lehiakide bizkaitar handi bat zuen zain eta horrek mendean hartu zuen; hortaz, UDAko kirolaria finalean sartu ezinik geratu zen. Hala, brontzea lortu zuen junior mailan –76 kiloz azpikoen artean– kumite modalitatean.
Perezek, ostera, lehen txandan ez zuen parte hartu, eta bigarren txandan, estatu zein nazioarte mailan arrakasta handia lortu duen karateka izan zuen aurrez aurre. Hori jakinik, ez zen kikildu UDAkoa eta garaitzerik lortu ez arren "borrokaldi ona eta berdindua" egin zuen; epaileek ez zuten aretxabaletarraren waza-ari argirik ikusi.
"Maila ona"
"UDAko karateken txapelketa ona izan zen, denboraldi hasiera izanik maila ona erakutsi baitzuten", adierazi dute karate taldeko ordezkariek. Hurrengo helburua da maila horri eustea azaroaren 17an, Hondarribian bertan, jokatuko den Gipuzkoako Federazioaren Emakumezkoen txapelketan.