Santurtzin puntu bakarra lortu ostean, Ibarrara itzuliko da UDA, Derioren aurkako partidua jokatzera. Etxean garaipena bakarrik ezagutzen du Aretxabaletako taldeak, eta zaleen aurrean izaten ari den bolada onari jarraipena eman nahi diote UDAkoek. Aurrean "Hirugarren Mailako betiko taldeetako bat" izango du UDAk, Unai Calzonen arabera, eta "partidu gogorra" izatea aurreikusten du entrenatzaile aretxabaletarrak: "Oso joko zuzena bilatzen dute; batez ere, aurkariaren zelaian daudenean. Ez dute askorik arriskatzen, oso talde serioa da; Hirugarren Mailako jokoa egiten duen talde horietako bat. Aurten, ez dakit zorionez edo zoritxarrez, baina nik uste dut zorionez, ez dugu partidu errazik jokatuko, baina guk gure estiloa ezarri behar dugu garaipena etxean gelditu dadin. Beste erronka bat da, beste hiru puntu daude jokoan, eta bolada onari jarraipena emateko gogotsu gaude".
Ikasten eta hazten
Sailkapeneko bigarren postuan dago UDA, eta bihar jokoan egongo diren hiru puntuek balio dezakete taldea erditik gorako postuetan egonkortzeko. Hala ere, Calzonek aitortu du euren helburu nagusia "ikasten eta hazten jarraitzea" dela: "Lanean jarraitu nahi dugu, ikusteko taldea noraino heltzeko gai den. Ez diogu mugarik jarriko geure buruari, baina, era berean, badakigu partiduz partidu eta jokaldiz jokaldi joan behar dugula. Beti eman beharko dugu %100a, hori egin ezean jai izango dugulako maila honetan lehiakorrak izateko orduan. Gaur-gaurkoz, emaitzak positiboak izaten ari dira, baina, galdu edo berdindu egiten badugu ere, lanean jarraitu beharko dugu, egunero-egunero".
Gainontzeko partiduak
Gizonezkoen Erregional Mailan, Aloñak eta Bergarak kanpoan jokatuko dute, bihar, Beasainen eta Mutrikuren aurka, hurrenez hurren –biak, 16:30ean–. Mondrak, berriz, Añorga taldearen aurka jokatuko du Mojategin, zapatuan 16:30ean. Emakumezkoen Erregional Mailari dagokionez, Bergarak gaur jokatuko du, Agorrosinen, 20:30ean, Azpeitiko Lagun Onaken aurka.