Gipuzkoa plaza berritzea helburu, gune bat estalita

Mirari Altube Arrese 2024ko urr. 31a, 13:21

Gipuzkoa plaza: eremu batean ziburuak eta bestean autoen aparkalekua. (Argazkia: Ion Albizu)

Portasol auzoko plaza eraberritzea da Udal Gobernuaren asmoa, espazio estali bat eta zibururik gabeko beste bat sortuta. Proiektua idazteko ardura eman dio Behark arkitekto taldeari eta lanen inbertsioa 400.000 eurotik gorakoa izango da.

Gipuzkoa plazan gune estali bat sortzeko eta plazaren beraren "urbanizazioa hobetzeko" asmoarekin proiektu bat garatu gura du Udal Gobernuak. Horren ardura Behark arkitekto taldeari eman dio eta lanak 2025ean hasi gura ditu.

Bi eremu: ziburuekin eta gabe

Udaleko Gobernu Taldeak prentsa-ohar bidez eman du aditzera, eta adierazi herrian gune berriak sortu eta daudenak egokitzeko hartutako konpromisoa betetzera datorrela proiektua; eta gaineratu du: "Zerbitzu eta jarduerak deszentralizatu eta auzoetara bideratzeko helburua ere badauka. Kasu honetan, Portasol biziberritzeko beste elementu bat da".

Estalitako gune bat sortu gura dute; ziburuen eremu bat izango da, "ahalik eta behar gehienei" erantzuteko: "Txikienak ere jolastu ahal izan daitezen eguraldi txarra dagoenean". Horretarako, dauden ziburuak handitzea eta aldatzea proposatu dute.

Era berean, zibururik gabeko espazio bat sortzea ere proposatu da. "Jarduera ezberdinetarako" aprobetxatzea eta beste jolas batzuetarako erabiltzea da horren helburua: "Espazio horretako eserlekuetan atseden hartu ahal izango da, patinekin jolastu, hainbat kultur ekintza egin, auzoko jaiak ospatu…".

Behark arkitekto taldearen lana

Bilbon egoitza duen Behark arkitekto taldeak idatziko du proiektua: "Talde horrek proiektu ugari egin ditu eta horietako batzuk sarituak izan dira". Gune estalia zein plaza osoaren urbanizazioa jasoko dituen proposamena bideratzeko ardura izango du horrek. Aurreproiektuaren planoak eta infografiak aurkeztuko dizkie udal ordezkariei, baita materialaren aurrekontua eta Kalitatea Kontrolatzeko Plana ere, besteak beste. Proiektuaren idazketa kostua 14.900 euro izango da –BEZik gabe–.

400.000 eurotik gora

Behark taldeak egindako lehen proposamena jasotakoan "ahalik eta ekarpen gehien" batzen saiatuko direla adierazi dute Gobernutik, ondoren behin betiko proiektua idatz dezaten. Eta hori egindakoan obra esleituko dute, "ahalik eta lasterren" egin ahal izateko. Obraren inbertsioa 400.000 eta 450.000 euro artekoa izango dela aurreikusi dute, eta horri "oraindik baloratu gabe dagoen urbanizazio lanak" gehitu beharko dizkiote. Hori guztia Udal Gobernua prestatzen dabilen 2025eko aurrekontuan jasoko dute, datorren urtean gauza dadin.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak