Zinema itzuliko da Arkupera azaroan sartzearekin batera

Mirari Altube Arrese 2024ko urr. 30a, 10:17

Soy Nevenca, La virgen roja eta El 47 filmak izango dituzte helduek, baita beste bi ikus-entzunezko ere: Hondarribiko gorria eta Prosopagnosia.

Uda sasoiarekin batera kaleko ekitaldiei agur esan eta azaroan zinema denboraldiari ekingo diote Arkupen. Helduendako eta umeendako filmak iragarri dituzte bihartik bertatik.

Aste bukaeran Iciar Bollain zinema zuzendari nafarraren Soy Nevenca filma izango dute helduek; egubakoitzean, 22:00etan, zapatuan eta domekan, 19:30ean eta astelehenean, 16:00etan. Umeendako, ostera, Del Revés 2 marrazki bizidunen filma ekarriko dute zapaturako eta domekarako, 17:00etan. Sarreren prezioek ez dute aldaketarik izango: helduena 5 euro da –astelehenetan, 3 euro– eta umeena, 3 euro. 

Hurrengo bi aste bukaeratan, La virgen roja eta El 47 izango dituzte helduek; lehenengoa Najwa Nimri aktore ezaguna protagonista duen drama da eta bigarrenak 1978ko Bartzelonako 47 autobus linea du ardatz Eduard Fernandez protagonista izanik. Umeentzat, ostera, Buffalo Kids, euskaraz, eta Gru 4. Mi villano favorito emango dituzte.

Prosopagnosia hilaren 30ean

Hilabete bukaeran bi ikus-entzunezko emango dituzte: Jesus Carrera komunistaren bizitza jasotzen duen Hondarribiko gorria hilaren 28an eta hausnartzera gonbidatzen duen Prosopagnosia, 30ean. Azken hori Aretxabaletan bizi den Ekain Martinez de Lizarduyk zuzendu du eta Itziar Ituño eta Kepa Errasti ditu protagonista.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak