Arrasaten, Gasteizen eta Errioxa aldean hainbat emanaldi egin ostean, etxera, Arkupeko oholtzara, etorriko da Smooth Trip taldea. Aurten sortu du proiektua Mikel Zamora abeslari aretxabaletarrak eta hirukotea eratu turkiar jatorriko Selcuk Senyurt aretxabaletar perkusio-jolearekin eta Kolonbiatik etorritako German Muñoz arrasatear gitarristarekin. Abesti ezagunen bertsioekin osatutako errepertorioa aretxabaletarrei erakusteko gogoz izango dira, bihar, urriak 26, 20:00etan.
"Gogotsu baina ardurarekin"
Talde ospetsuen abesti ezagunak abestuko dituzte; The Police, Ken Zazpi, Radiohead, The Eagles eta Jarabe de Paloren bertsioak, besteak beste. "Oso gogotsu gaude, baina kanpoko emanaldiek baino ardura handiagoa sorrarazten digu", adierazi du Zamorak. Aurretik, ekainean, Mendiolako Areano landetxean "gertukoendako" kontzertua egin zuten, baina badaki oraingoa "ezberdina" dela. Dena den, ez dira musikari hasiberriak eta Zamorak berak, esaterako, 2022an diskoa kaleratu zuen kantu propioekin.