Euzko Alderdi Jeltzalearen udal taldea kezkatuta dago: "Agintaldiko proiektu estrategikoen plangintzarik gabe jarraitzen dute urte eta erdi pasatu ostean".
Hauxe adierazi dute prentsa-ohar bidez: "2024ko maiatzaren 23an, agintaldiaren urteurrenarekin batera, prentsa-oharra kaleratu zuen Udal Gobernuak agintaldiko estrategia eta proiektuak lantzen jarraitzen zuela jakinaraziz. Aldi berean, herritarren eta herriko eragileen ekarpenak jasotzeko dinamikak martxan jarriko zituela gaineratzen zuen, eta prozesu horren ondorioz landutako plana urriaren 15ean egingo zela publiko".
"Ekarpenak jasotzeko dinamika horiek eman dutenaren berri ez daukate" oraindik, urriaren erdia pasatu bada ere: "Ez dakigu noraino iritsi diren dinamikak. Argazki garbirik izan gabe jarraitzen dugu: zein proiektu, egutegiak…". Eta konpromisoak hartu eta ezagutarazi beharra dagoela gaineratu dute, "herritarrek merezi" dutela iritzita: "Komentua, frontoia, eskola berria, kiroldegiaren aurrealdeko berdegunea, Lausitta… Proiektu asko daude jokoan eta egutegi garbirik gabe jarraitzen dute".
2025eko aurrekontuari begira
Urteko azken hiruhilekoan sartuta, 2025eko udal aurrekontua lantzen hasteko garaia iritsi da, eta, horrekin lotuta, EAJko kideek diote "partida batzuk zabaltzetik harantzago" joan beharra dagoela: "Edozein kudeaketatan bezala, ziurgabetasunak daude. Aurten, aurrekontu egonkortasun legeak dakarren gastu muga indarrean sartzen da, eta horrek ere eragina izango du, baina horiek kudeatzea da gobernu orok egin beharreko lana".