Gipuzkoarren arteko derbia izango da domekan Ibarran (16:30), Hirugarren Mailan talde historikoa den Beasainen bisita izango dute-eta Calzonen mutilek. Iaz igoera faserako sailkatzeko lehian ibili ziren bagoneroak, baina taldean aldaketa dezente izan dituzte aurten, ekainetik hona hamar baja izan dituzte eta bederatzi jokalari gazte ekarri dituzte, eta bistan da liga hasiera honetan egokitzea kostatzen ari zaiela, partidu bakarra irabazi dute eta. Aretxabaleta, berriz, liga hasierako ezuste positiboa bilakatu da, joan den astean Pasaian irabazi ostean (1-3) lehenengo posturaino egin du-eta salto.
Mondrak etxean jokatuko du
Ohorezko Erregional Mailako taldeen artean Mondra da etxean jokatuko duen bakarra. Arrasatearrek sailkapenean postu bat atzerago dagoen Hernani hartuko dute zapatuan, 16:30ean, Mojategin. Bergarak, berriz, Elgoibarren jokatuko du zapatuan (12:00) eta Aloña Mendik, Tolosan (16:00).
Emakumezkoen ohorezko erregional mailan, berriz, Bergarak Oiartzunen bisita izango du domekan (16:00) eta Gorengoen mailan lider dagoen Debagoiena Bailarak etxean –ibarran– jokatuko du zapatuan 15:30ean. Mondrak berriz, Urnietan jokatuko du zapatuan (15:45).