Ametzueta Realaren lagunartea hasi da lanean, gogotsu hasi ere. 2006an eratu zuten Aretxabaletako hainbat realzalek. Salva Rodriguezek hartu zuen orduan gidaritza eta elkartea bataiatzeko egindako agerraldian izan ziren Lopez Rekarte, Barkero eta Danimarkako Morten Skoubo jokalariak. Hain zuzen ere, orduan jaso zuten Ametzueta izendun kamiseta –argazkian–. Hasierako indarrak ahulduta, lozorroan egon da hainbat urtez taldea, eta joan den egubakoitzean egindako batzar orokorrarekin beste etapa bati ekin diote.
Lagunarte handienetakoa
Zigor Kintana izendatu dute presidente, eta harekin batera izango dira: Salva Rodriguez presidenteordea, Iker Iturricastillo diruzaina, Maddi Garro idazkaria eta Julen Azkarate bokala. Dagoeneko 200 bazkide ditu taldeak –ia %40 Realeko bazkideak– eta horietako hainbat herritik kanpo bizi dira: Bilbon, Baionan, Salamancan, Madrilen eta Detroiten (Michigan, AEB) ere bai bat. "Sortu zenean 140 kide inguru zituen, eta, gure usteen kontra, orain gehiago batu ditugu; 250era ere iritsiko garelakoan nago. Realaren lagunarterik handienetakoa izango gara, seguru asko, Oñatikoaren atzetik, hark 350 bat dituelako", adierazi du Kintanak.
Lagunartearen egoitza Arlutz taberna da, eta han jasoko dituzte bazkide izateko izenak; urteko kuota 15 eurotan ezarri dute: "Realzale asko dago herrian, umeen artean ere Realeko kamiseta asko ikusten dira. Hortaz, animatuko nituzke gazteak zein helduak bat egitera gurekin".
Laster, lagunartearen poloak aterako dituzte, eta horiek erosteko aldez aurretik egin behar da eskaera, Arlutzetik pasatuta; azken eguna urriaren 30a izango da. Loteria saltzen ere badabiltza, elkartea finantzatzeko: "Horri esker lagunarteko bazkideek 20 euro ordainduko dute poloa, eta ez direnek, 32 euro".
Aurrera begirako asmoak
Realaren lagunarte ofizialen artean dago berriro ere. "Mikel Loinaz jokalari ohia da lagunarteen ardura duena, eta harekin hartu-emanetan egon naiz", azaldu du presidenteak. Ofizialtasun horri esker onura batzuk izango dituzte: "Etxetik kanpo jokatzen diren partiduetara joateko lagunarteei ematen dizkieten sarrerak guregana ere iritsiko dira". Eta gaineratu du Pilsen hirian (Txekiar Errepublika) jokatuko duen partidurako hiru sarrera eskatu dituztela: "Erantzunik ez dugu jaso, baina bidaia hartuta dugu. Aurten, Ametzueta Europan ere ikusiko da".
Denboraldirako ametsa
Realak ez du denboraldi hasiera txukuna izan, baina "Ametzueta martxan jartzeaz bat" horri buelta ematen hasi dela diote. Aretxabaletarren ametsa da Europako Ligako finalera iristea taldea: "Athleticen aurka jokatzea eta irabaztea, noski!". Eta Espainiako ligari dagokionez, seigarren urtez jarraian Europako txapelketan sartzea: "Zaila izango da, baina zeinek daki!"