Liburutegien Nazioarteko Eguna ospatzen da urriaren 24an eta hori aprobetxatuta Liburutegia etxera egitasmoa jarriko du abian Udal liburutegiak. Horien erabiltzaileek honako baldintza hauek bete beharko dituzte: EAEko edozein udal-liburutegiko bazkide izatea; Aretxabaletan bizitzea; eta mugikortasun arazoengatik edo adina dela eta liburutegira joan ezin izatea.
Eskaerak telefonoz edo emailez egin ahal izango dira eta pertsonako hiru liburu edo hiru dokumentu –DVDak, CDak, aldizkariak…– eskatu daitezke. 21 eguneko mailegu epea izango dute, luzatzeko aukerarekin, dokumentuak erreserbarik ez badu. Banaketak astelehen eguerditan egingo dituzte, eta aurretik adostutako da hitzordua erabiltzailearekin.
Galdetegia eta opariak
Bestetik, liburutegiaren gainean herritarrek duten iritzia jasotzeko galdetegi bat zabalduko dute datorren astean. "Guretzat garrantzitsua da erabiltzaileen eta ez direnen iritzia ezagutzea. Etorkizuneko norabidea finkatzen lagunduko digulako informazio horrek", adierazi dute arduradunek.
Gainera, urrian maileguren bat egin duten guztien artean 50 euroko bi erosketa bonu zozketatuko dituzte Arrasateko Elkar dendan erabiltzeko; bata 14 urtetik beherakoentzat izango da eta bestea, hortik gorakoentzat.
Haur liburutegia itxita urriaren 18an eta 19an
Egubakoitzean eta zapatuan haur liburutegiko ohiko zerbitzurik ez da egongo ihes-gela antolatu dutelako gaztetxoentzat. Txiki txokoa eta helduen liburutegia, ostera, irekita egongo dira.