Urriarekin batera Loramendi elkarteak abian jarri ditu euskararen bueltako lantaldeak: Auzoko, Barriketan, Hikalaguna, Familialaguna eta Ulerlaguna. Helburuak, beste behin, "euskara bultzatzea eta aniztasuna erdigunean jartzea" dira, Aretxabaletako Udalak eta Euskaltzaleen Topaguneak sustatuta, Loramendirekin batera. Taldeen dinamizazioaren ardura Amaia Martinez Jausorok (Aretxabaleta, 2000) hartu du aurten, eta "pozik" ekin dio lanari.
Elkartzeko proposamen berriak
Euskarara gerturatzeko "aparteko aukera" eskaintzen dutela talde horiek dio Martinezek: "Auzokon dabiltzanek hizkuntzara lehen hurbilketa egiten dute, eta, horrez gain, jende berria ezagutzeko eta sozializatzeko topalekua izaten da". Datorren astean hasiko dituzte lehen bilerak eta izena emateko epea zabalik dago.
Barriketan taldeek dagoeneko ibilbide luzea egin dute eta gaur egun lau daude martxan. "Partaide berrien eskaera jaso dugu, eta ea beste talderen bat sortzerik daukagun". Orain arte, tabernen bueltan elkartu izan dira horiek, baina proposamen berria dauka: "Tabernetatik irten eta mendi bueltak egiteko edo mahai-jolasean jarduteko elkartuko direnei ateak zabaldu gura dizkiegu". Hikalaguna taldeei dagokienez, hiru sortu dira eta dagoeneko hasi dira elkartzen astean ordubetez.
Izena emateko epea zabalik dute; horretarako, Loramendiren bulegora jo daiteke –Durana kalea 11–, telefonoz deitu –943 77 09 70–, edo mezu bat bidali: Whatsapp: 685 75 67 29; eta posta: auzoko@loramendielkartea.eus.