Euskal Aktoreen Batasuneko (EAB) afiliazioak lankideen antzerki, telebista eta zinema arloetako interpretazio lanak nabarmentzen ditu bi urtean behin. Oraingoak XX. Besarkada sariak izan dira. EABko kideek aukeratzen dituzte hautagaiak eta sarituak. Horregatik, bereziki oso eskertuta jaso du saria Errastik. "Oso berezi da Besarkada saria. Nire lankide direnen edo izan direnen eskutik jasotako aipamena da. Horrek bete egiten nau, profesionalki eta pertsonalki. Lanean ezagutu ditudan pertsonekin dudan harremanaren seinale da saria", esan dio GOIENAri Kepa Errastik.
Bi hautagaitza Errastirendako
Hautagaitzak abuztu bukaeran jakinarazi zituen EABk. Errastik bi hautagaitza zituen: antzerkian eta zineman. Ez dio buelta gehiegirik eman. "Gala antolatzen ibili naiz, gidoia idazten. Gura genuen ekitaldi polita egin, eta horretan ibili naiz buru belarri. Sari bat irabazi dut, eta oso eskertuta nago. Baina, irabazi izan ez banu, pozik egongo nintzateke nire lankideengatik, eta gala zoragarria izan delako".
Hemezortzi hautagaitza zeuden sei kategorietan. Lan mota adina hautagaitza. "Lan oso onak egon dira izendatuta. Are gehiago, lan ezberdinak batzuk. Ohikotik aldentzen direnak. Adibidez, asko poztu ninduen Garbiñe Intxaustiren hautagaitzak: antzezlan mutua eta maskarekin egindakoa. Ikustera ohituta ez gauden interpretazioa lana. Era berean, asko poztu nau Olatz Ganboaren sariak. Lan itzela egiten du Festen obran", esan du Errastik.
Beste sarituak
Telebistan, emakumezko aktore onenaren saria Itziar Atienzak eskuratu zdu, Entrevías telesailean egindako lanarengatik; eta gizonezko aktore onenarena, bestalde, Gorka Otxoarendako izan da, Machos Alfa telesailagatik.
Telebistako errebelazio saria Sambou Diabyri eman diote, ETBko Itsaso telesailean egindako lanari esker.
Zinemako sariak bi izen ezagunen eskuetara joan dira: Ane Gabarainek eta Eneko Sagardoyk jaso dituzte, 20.000 especies de abejas eta Irati pelikuletan egindako lanengatik, hurrenez hurren.
Ohorezko saria
Golden Apple Quartet taldeak jaso du Euskal Aktoreen Bazkundearen Ohorezko saria. Eta, haiek, abesten eskertu dute. Taldearen agerraldia gaueko unerik hunkigarrienetako bat izan da, eta honela, laukoteak amaiera bikaina eman dio musika eta umoreari eskaini dioten hiru hamarkada baino gehiagoko ibilbideari.