Argazkigintzari "balioa eman eta eta argazkilariei laguntzeko" asmoz abiatu zuen Aretxabaletako Udalak uztailean Euskal Herri mailako argazki lehiaketa. "Euskal Herriko askotariko txokoetatik ehun argazkilariren lanak jaso ditugu eta horietatik zortzi egileren lanak aukeratu ditugu, lanen kalitateaz gainera, gertuko eta lurraldeko errealitateetan sakontzen duten proiektuak direla aintzat hartuta", diote antolatzaileek.
Lehiaketatik harago, Argazkia.eus argazkilarien eta argazkizaleen topagune izateko "gogoz" jaio dela azaldu du Aretxabaletako Udaleko Kultura zinegotzi Ibai Zangituk. "Pozik gaude izan duen harrerarekin. Euskal lurralde bakoitzaren nortasun zigilua erakusteko bidea emango digu; izan ere, herrialde bakoitzeko 300 euroko sari bana emango dugu, ahaztu barik herriko argazkilari bati ere aitortza egingo diogula, baina, sari ekonomikoaz harago, argazkilariei eta zaleei plaza edo gune bat eskaintzea dugu helburu".
Hitzaldiak eta erakusketa
Aretxabaletako Jorge Almeidaz gain, Jaione Garcia gipuzkoarra, Arabako Endika Diaz, Saioa Miguel bizkaitarra, Nafarroako Kike Balenzategi, Guillaume Fauveau lapurtarra, Nafarroa Behereko Nahia Garat eta Zuberoako Polo Garat sarituko dituzte datorren astean egingo duten topaketan. "Ez da ohiko sari-banaketa ekitaldia izango; izan ere, argazkilari bakoitzak hitzaldi bat egingo du bere lana eta ibilbidea azaltzeko. Eta horien guztien lanak batzen dituen erakusketa kolektiboa ere inauguratuko dugu topagunearen egunean Arkupe kultura etxean".
Sarrerak, bost eurotan
Ekimenean parte hartu dutenez gain argazkizale guztiei gonbidapena egin gura diete antolatzaileek topaketara joan daitezen: "Hainbat argazki-proiektu bertatik beratara ezagutzeko eta argazkilarien eta argazkigintzako kezkak plazaratzeko gune aproposa izango da".
Aretxabaleta.eus atarian eta Arkupeko leihatilan eskuratu daitezke dagoeneko sarrerak, bost eurotan. Ekimenaren gaineko informazio gehiago Argazkia.eus atarian dago.