Hirugarren Mailako talde indartsuenetako baten bisita jaso du UDAk Ibarran; izan ere, azken urteetan sailkapeneko goiko postuetatik gertu ibili den Leioa taldearen aurka jokatu dute Unai Calzonen mutilek. Partidu zaila aurreikusten zuten aretxabaletarrek, eta hala izan da, baina gaurkoan ere lortu dute hiru puntuak etxean gelditzea.
Ohikoa baino baloi jabetza gutxiago izan dute aretxabaletarrek, eta lehenengo zatian sufritu egin dute bizkaitarren joko zuzenarekin. Hala, 30. minutuan aurreratu egin dira kanpokoak, eta lehenengo zatiko azken minutuetan etxekoek estutu egin duten arren, atsedenaldira huts eta batekoarekin joan dira bi taldeak.
"Aldageletan gauza batzuk aldatu" ditu Calzonek, eta beste martxa batekin zelairatu dira etxekoak bigarren zatian. Hala, atsedenalditik itzuli eta hamar minutura lortu du Mikel Ortiz de Urbinak berdinketaren gola bakarkako jokaldi batean. Defentsan sendo aritu dira aretxabaletarrak eta kontraerasoan min egin diete bizkaitarrei. Leioak izan du markagailuan aurretik jartzeko aukera azken minutuetan; epaileak penaltia adierazi du, baina Nauzet Cubasek gelditu egin du kanpokoen jaurtiketa, eta UDAren defentsak aldaratze bikoitza urruntzea lortu du. Barkatzen duenak garesti ordaintzen du askotan, eta gaurkoan ere hala gertatu da. Izan ere, Jon Berastegik kanpokoen areako aldaratze bat baliatu du bigarren eta azken gola egin eta hiru puntuak Aretxabaletan gelditzeko.
Hasiera bikaina
Calzonek dio ez zuela espero UDAk "aurreneko 9 puntuetatik 7 eskuratzea", baina era berean, aitortzen du ez diola "harritu" taldea erakusten ari den mailak: "Bagenekien oso zaila izango zela horrelako denboraldi hasiera bat egitea, baina gertatu zitekeela ere bagenekien. Taldea oso gogor ari da lanean, eta horrek dakar asteburuan emaitza onak lortzea".
Omenaldia partiduaren aurretik
Partiduaren aurretik Aitor Perez, Ohorezko Erregionaleko jokalari ohia, eta Igor Altube, Erregional Mailako jokalari ohia, omendu dituzte. Biak ala biak UDAren harrobiko kideak izan dira, eta jokalari ibilbideari agur esan arren, elkarteari lotuta jarraitzen dute.