Basotxoren gidaritzaren lekukoa Jokin Antxiak jaso du

Mirari Altube Arrese 2024ko ira. 20a, 17:10

Jokin Antxia eta Migel Elortza, elkarrekin.

Migel Elortzak izan du erretiratuen elkarteko presidente ardura azken lau urteetan, eta "egindako lanarekin pozik" agurtu da egunotan; Jokin Antxiak, ostera, "gogotsu" hartu du lekukoa, egoitza berriak emango dizkien aukerak buruan dituela.

Basotxo erretiratuen elkarteak ekainean berritu zuen zuzendaritza batzordea, baina presidente kargurako hautagairik ez zen aurkeztu orduan eta Migel Elortzak irail erdira arte jarraitzea erabaki zuen. Esandakoa betez, aldaketa egin dute orain, eta Jokin Antxiak hartu du elkartearen gidaritza.

"Pozik" egindako lanarekin

Lau urte egin ditu presidente karguan Elortzak eta haren balorazioa positiboa da: "Oso pozik noa. Lau urte izan dira; tartean, pandemia, Basotxoren egoitzaren itxiera eta Gurea tabernara aldaketa. Hilabete batzuetan mugimendu handia izan genuen –aholkularitza zela, Udala zela...– baina kide onak izan ditut alboan, eta zorte handia da hori". Basotxoren egoitza inauguratuta esan gura zuen agur, baina ez da posible izan: "Esandako epeak ez dira bete eta... Neure ilusioa zen agintaldia bukatzea egoitza berrira pasatuta, hura zabaldu eta txistor-mokadutxo bat janda elkarrekin. Beste batzuei utziko diet inaugurazioa, baina neu ere joango naiz".

Gaur egun 950 bazkide inguru dituen elkartea osasuntsu dago: "Jende berria sartu da aurten ere, 50 lagunetik gora. Pentsa, aurreko astean 83 urteko emakume bat etorri zen bazkide egitera, eta, lan ona egiten gabiltzala esanaz, propina eman zigun. Hortaz, jendeak balioa ematen dio egiten dugun lanari, nahiz eta lokal faltagatik tradizioa zuten ekintza batzuk ezin eginda egon".

BIEK USTE DUTE EGOITZA BERRIAK AUKERA BERRIAK EKARRIKO DIZKIELA ERRETIRATUEI

Elkartearen gidaritzaren lekukoa "esku onetan" utzi duelako lasai doa: "Herrigizona da, talde eta saltsa askotan ibili izan da eta baietza ematerakoan lasaitasun handia hartu nuen. Zuzendaritzako gainerako kideei esan diet ezin aproposagoa dela eta nirekin baino hobeto egingo dutela aurrera".

Lanerako gogotsu

Jokin Antxiak "gogotsu" heldu dio lekuko horri: "Ilusioarekin nator. Badakit aldaketa garrantzitsua datorrela eta esfortzu bat egin beharko dugula, bereziki hasieran, egoera berrira egokitu eta ondo hasteko. Lokal berriak aukera berriak ekarriko dizkigu eta ondo hasiz gero samurragoa izango da aurrera egitea". Eta uste du sarritan ideia txikietatik sortzen direla ekimen berriak: "Ekintza berriak egiteko behar dira ideiak. Hortaz, ideiak eta ekarpenak dituena beldur gabe etor dadila guregana, edozein txikikeria izanda ere".

Elortzak berretsi egin ditu presidentearen berbak: "Jendeak ilusio handia du eta jende asko etorriko da lokal berrira. Hor sor daitezke ideiak eta ekintzak egiteko proposamenak, eta zuzendaritza batzordeari bultzada bat emateko indarra izan daiteke gune hori. Elegante geratuko dela diote, punta-puntako lokala izanik; hortaz, mugarri izango dela uste dut".

Presidente berriak argi du Udala ezinbesteko bidelagun izan behar dutela: "Gure mahaiak hiru hanka baditu, bat da Udala; beste bat, bazkidetza; eta hirugarrena, herria. Udalarekin bai edo bai konpondu behar dugu ondo, eta posible izango da. Izan ere, gure asmoa ez da olinpiadak prestatzea, gure arteko harremanak sustatzeko ekintzak antolatzea eta garatzea baizik".

Zuzendaritza batzordea osatuta

Antxiak alboan izango ditu ekainean zuzendaritza batzordean sartu ziren Jaime Mujika eta Fermin Arnaiz eta aurretik dauden Ramiro Gomez, Juan Cruz Diez, Conchi Romano, Emilio Inda, Mari Carmen Corres eta Juan Tomas Zabala. "Balio handiko jendea da eta orain egin beharko duguna da batzordearen martxa indartu".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak