'Argazkia.eus' lehen argazki jaialdiko irabazleak erabakita daude

Mirari Altube Arrese 2024ko ira. 20a, 08:17

Argazkilari irabazleen lan batzuk.

Argazkia.eus Euskal Herriko argazki jaialdiaren lehen edizioa urriaren 5ean ospatuko da, Aretxabaletan. Zortzi argazkilari sarituko dituzte orduan eta lehiaketaren irabazleen berri dagoeneko eman dute. Sarituen argazkiekin erakusketa kolektibo bat egingo dute gero.

Argazkigintzari balioa eman eta argazkilariei laguntzeko helburuarekin Aretxabaletako Udalak sortu duen lehiaketan Euskal Herrian jaio edo bizi diren ehun argazkilari inguruk hartu dute parte. Lurralde bakoitzeko sari bat eman dute eta zortzigarrena aretxabaletar batendako izan da. Irabazleak honako hauek izan dira:

  • Jorge Almeida (Aretxabaleta): Harrien deidarra.
  • Jaione Garcia Sanesteban (Gipuzkoa): Ttakun.
  • Endika Diaz (Araba): Arde la niebla.
  • Saioa Miguel (Bizkaia): Maskaradak.
  • Kike Balenzategui (Nafarroa): Paseo monumental.
  • Guillaume Fauveau (Lapurdi): Pausa.
  • Nahia Garat (Behe Nafarroa): Zurrumurru.
  • Polo Garat (Zuberoa): De la Soule.
Epaimahaiak nabarmendu du parte hartu duten argazkilarien lanen kalitatea eta "gertuko eta lurraldeko errealitateetan sakontzen duten proiektuak" aukeratu ditu: "Euskal Herrian sortutako askotariko argazki proposamenak ezagutarazteko, lurralde bakoitzaren nortasun zigiluarekin eta egile bakoitzaren marka pertsonalarekin".


 

Lanen aurkezpena urriaren 5ean

Urriaren 5ean, zapatua, Arkupe kultur etxeko Zaraia aretoan, 10:30ean hasita, egingo den jaialdian aurkeztuko dituzte zortzi irabazleek euren proiektuak. Gainera, argazki-erakusketa kolektibo bat inauguratuko dute orduan, Arkupen bertan.
 
Antolatzaileek argazkizaleak gonbidatu dituzte ekitaldira: "Euskal Herrian egindako hainbat argazki-proiektu ezagutu ahal izango dituzte ikusleek egun horretan; baita sortzaileen argazki-kezkak ere. Argazkizaleen kasuan haien inspirazioa xurgatu ahal izango dute, argazkigintzaren hazkunde pertsonalean lagundu diezaien".


 
Jaialdirako sarrera 5 euro ordaindu beharko da eta dagoeneko eros daitezke online.
 

Argazkigintzari balioa eman

Aretxabaletako Udalak sortu du lehiaketa euskal argazkilariei laguntzeko, haien lanak ikusarazteko eta argazkigintzari balioa emateko xedez. Laguntzaile izan ditu Gustavo Bravo –Jardín Remoto, el Metaverso de la Fotografíaren zuzendaria eta erakusketa kolektiboaren komisario izango dena–, Mondragon Unibertsitatea –ikasleek aurkeztuko dute ekitaldia–, eta Vitoria-Gasteizko FotoGasteiz argazki-estudioa –erakusketako argazkien inprimaketa–.
 
Antolatzaileen esanetan jaialdia lurraldeko argazki-eszenan urteroko hitzordua izateko asmoz jaio da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak