Juan Pedro Santosen tomatea izan da onena

Eneko Azurmendi Barrena 2024ko ira. 15a, 17:13

Tomatearen Eguna egin dute gaur Aretxabaletan, eta produktu horren bueltako hainbat ekintza egin dituzte, tartean, Euskal Herriko Bertako Tomatearen II. Lehiaketa. Horrekin batera, azoka ere egin dute.

Juan Pedro Santosena izan da Euskal Herriko Bertako Tomatearen II. Lehiaketako tomate onena (Sunbillako arrosa), eta 500 euroko saria eta garaikurra eraman ditu etxera. Bigarren postua Maria Jesus Revueltarentzat izan da (Aretxabaletako Arrosa), eta 300 euroko saria eskuratu du. Hirugarren postuan, aldiz, Agustin Beroiz sailkatu da (Kiloko Tomatea), eta 150 euroko saria eman diote. Azkenik, aipamen berezia ere Maria Jesus Revueltarentzat izan da, Aretxabaletako tomatearekin, eta beste 150 euro jaso ditu horregatik. 

Joxema Azpeitia izan da epaimahaikideetako bat, eta zera nabarmendu du: "Lehiaketa honek daukan abantaila da ez zarela mugatzen tomate barietate bakar batera. Adibidez, duela bi aste Tuteran egon nintzen eta han beti produktu bakarra zen. Hemen, aldiz, Euskal Herriko barietate guztiek parte hartu dezaketenez, oso zapore desberdinak dastatu ditugu; azidoagoak, urtsuagoak, usain handiagokoak eta abar". 

Tomaterik "osoenaren" bila aritu direla gaineratu du, parametro batzuk kontuan izanda. "Batetik, tomatearen landarearen usaina edukitzea baloratu dugu, horretan nabaritzen baita diferentzia handiena. Bestetik, testura ere aintzat hartu dugu; ez izatea urtsuegia edota gogorregia. Azkenik, zaporean, bi gauza baloratu ditugu: mikatzaren eta gozoaren arteko oreka eta bestetik, zaporea bera, umami-a deritzona". 

Azokan, denetik

Tomatea protagonista izan arren, askotariko produktuak jarri dituzte salgai azokan. Barazkiak, eztia, gazta, zukuak, gatza eta abar. "Gehienbat inguru honetan ekoizten dira produktuak izan dira", dio Inma Miguelek, Aretxabaletako kultura teknikariak. 

Tailerrean, esaterako, tomatearekin prestatu daitezkeen platerak erakutsi dituzte. "Zopa hotza, pintxoak eta abar". Horrekin batera, tomate pintxo ibilbidea ere egin dute, eguaztenean hasita, eta hainbat tabernak eta jatetxek hartu dute parte: Hirusta, Taberna Berri, Josu, Gurea, Bedarreta, Dagda, Express, Buket eta Ezkutu. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak