Ortuko jaki preziatuenetako bat izaten da, batez ere, uda sasoian, eta bazkari zein afari askotan plater nagusi gisa jaten dute askok, haren zapore onarengatik eta freskotasunarengatik. Hala, domekan Aretxabaletan tomateari eskainitako eguna egingo dute, hain zuzen ere. Egun horretarako egitaraua prestatu dute, eta, azpimarratzeko ekintza nagusi bezala, Euskal Herriko Bertako Tomatearen II. Lehiaketa dago. Gaur arte zabalik dute parte-hartzaileek izena emateko epea, eta domekan 13:00etan aukeratuko dute zein den tomate onena.
Tomatea protagonista
Lehiaketaz gain, 10:00etatik 14:00ak arte Aretxabaletako Tomatearen eta bertako produktuen 21 postuz osatutako azoka egingo dute. Ordu berean hasita, antzinako tomate barietateen erakusketa egongo da ikusgai; 30 tomate barietate egongo dira. Horiez gain, tomate-haziak erauzteko tailerra emango du Marc Badalek, 12:00etan, eta 13:00ean berriz, tomate sukaldaritza tailerra eta dastaketa egongo da, Anne Otegiren eskutik. Azkenik, zapatu eta domeka bitartean herriko tomatearen pintxo ibilbidea egongo da herriko tabernetan.
Domekako egitaraua
Irailak 15
- • 10:00 Aretxabaletako Tomatearen eta bertako produktuen azoka.
- • 10:00 Antzinako tomate barietateen erakusketa.
- • 11:00 Tomate-haziak erauzteko tailerra.
- • 12:00 Tomate sukaldaritza tailerra eta dastaketa.
- • 13:00 Lehiaketaren sari banaketa.
Horrez gain, irailaren 14an eta 15ean Aretxabaletako Tomatearen pintxo ibilbidea egongo da.