Garazi Abasolo eta Gontzal Murgoitio nagusi III. Ikazkin Trailen

Iñigo Barrena Kortabarria 2024ko ira. 7a, 17:38

Iaz bigarren izan zen Abasolo eta aurten (2.25.01) etxekoen aurrean txapela janztea lortu du. Gizonezkoetan, berriz, Gontzal Murgoitio (1.49.28) izan da azkarrena Aitor Ajuriarekin lehia estua izan ostean. Hirugarren edizio honetan lasterketa motza ere izan da estreinakoz eta Ibai Ormaetxea eta Olatz Salaberria gailendu dira.

Ikazkin Trailen hirugarren edizioak ere ahozapore ona utzi du lasterkari, antolatzaile zein ikusleen artean. Aste guztian euriaren mehatxupean egon ostean eguraldia lagun izan dute, beste behin, Aretxabaletako lasterketan. Ia 300 korrikalarik parte hartu dute hirugarren aldi honetan eta bi aukera izan dituzte aurtengoan: ibilbide motza eta luzea. Lehenengoan hamalau kilometroko ibilbidea egin behar izan dute korrikalariek eta luzea egin dutenek berriz hogeita bat. Helmugan, Gontzal Murgoitio eta Garazi Abasolo aretxabaletarra izan dira nagusi.

Etxean irabazle

Ez du berehalakoan ahaztuko Garazi Abasolok gaurko eguna, etxeko lasterketan, Ikazkin Trailen txapela jantzita joan delako etxera. Honek ere gogotik egin behar izan du lana, izan ere, hasieratik aurrealdean ibili den arren, gogor jarri dizkio gauzak Oihane Sarasketak. Abasolok argi zuen hasieran tentuz jokatu beharra izango zuela "hasiera azkarra" duelako lasterketak, baina behin aldapara iritsita erritmoa bizitu eta lehenengo jartzea lortu du. Gainera lasterketan zehar bihurritua ere izan du, baina horrek ez dio gelditu aretxabaletarrari.

Goitik beherako zatian tartea handitzen joan da Abasolo, nahiz eta Sarasketak estutu egin dion atzetik. Amaieran emozioari ezin eutsi sartu da helmugan. "Oso pozik nago, animo asko jaso ditut eta helmugara emozionatuta sartu naiz" aitortu du Abasolok. Tartea atera badio ere, helmugan oso gertu izan du Oihane Sarasketa, honek ere lan zoragarria burututa; lehen aldia izan du Ikazkin Trailen. Hirugarren postua Elixabete Agirrerentzat izan da.

Garazi Abasolo helmugan.

Sailkapena emakumezkoetan:

  1. Garazi Abasolo. Aretxabaleta. (2.25.01)
  2. Oihane Sarasketa. Eibar. (2.26.08)
  3. Elixabete Agirre. Iruña. (2.41.28)
  4. Rita Aldabaldetreku. Zarautz. (2.48.10)
  5. Izaro Zinkunegi. Errezil. (2.50.42)

Landutako txapela

Emakumezkoetan gauzak estu joan badira amaieran, zer esanik ez gizonezkoen kategorian, hasieratik lehia estua izan baitute. Lehen kilometroetatik lau laguneko taldetxoa osatu dute Gontzal Murgoitiok, Aitor Ajuriak, Paul Ormaetxeak eta Asier Azkaratek. Kurtzebarrira igoeran, ordea, lasterketa Murgoitio eta Ajuriaren artean gelditu da aurretik iritsi baitira. Igoera horretan gainera gatzagarrak aurrea hartu dio elorrioarrari eta tartea ateratzea lortu du, txikia izan bada ere.

Jaitsierako unean ere Ajuriak aurretik jarraitzen zuen, Murgoitiok gertutik jarraitzen zion bitartean. Orduan beste martxa bat sartuta Murgoitio aldea murrizten joan da eta azken lau kilometroetan lasterketaren buruan jartzea lortu du. "Banekien azken zati hori nire aldekoa izango zela eta ordura arte indarrak neurtzen joan naiz. Orduan dena emateko unea zela nekien" adierazi du elorrioarrak lasterketa amaitzean. Amaierarako bakarrik sartu da Durana kaleko helmugan. Denbora luzez lehen postuan egon den Aitor Ajuria gatzagarra izan da bigarrena. Hirugarren postua Paul Ormaetxearentzat izan da, lasterketa guztian maila bikaina erakutsiz.

Gontzal Murgoitio helmugan.

Sailkapena gizonezkoetan:

  1. Gontzal Murgoitio. Elorrio. (1.49.28)
  2. Aitor Ajuria. Leintz Gatzaga (1.50.02)
  3. Paul Ormaetxea. Murueta. (1.51.19)
  4. Asier Azkarate. Arrasate. (1.54.32)
  5. Julen Urrutia. Aretxabaleta. (2.01.24)

Ibilbide motza estreinakoz

Aurtengo berrikuntza nagusia ibilbide motzarena izan da. Ohiko ibilbideari batu zaio eta jendeak erantzun du, dortsalak bete egin baitira. Antolakuntzatik dudatan egon ziren sartu edo ez, baina sartzearen aldeko apustua egin dute eta pozik gelditu dira emaitzarekin. Ibilbide motzak 14 kilometro zituen eta azkarrenak Ibai Ormaetxea eta Olatz Salaberria izan dira.

Balorazio positiboa

Hirugarren edizioa amaituta atseden hartzeko unea iritsi zaie antolakuntzako kideei, gainera lana ondo egin dutenaren sentsazioarekin. Herrian errotzen ari den lasterketa da Ikazkin Trail eta urtetik urtera geroz eta interes handiagoa pizten ari dena. Dorleta Ezeiza antolatzaile taldeko kideak positiboko baloratu du gaurko eguna: "Gu oso pozik gaude eta baita lasterketan aritu direnak ere. Maila altuko korrikalariak izan ditugu eta bertakoak ere erakutsi dute maila ona eman dezaketela. Asko poztu gaitu gainera Garazi Abasolok txapela jantzi izana".

Harmailatik berezia astelehenean

Astelehenean, Harmailatik saioak tarte berezia eskainiko dio Ikazkin Trail lasterketak eman duenari, irudi eta adierazpenekin (21:30, Goiena telebista).

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak