"Herritarrak animatu nahi ditugu Ikazkin Trailen parte hartuko duten korrikalariak animatzera mendira joan daitezen. Ibilbideko edozein puntu izan daiteke egokia, lasterketa paraje ederretatik pasatzen delako, baina, akaso, Kurtzebarriko hegia izan daiteke leku egokia", adierazi du aste barruan Aretxabaletako mendi lasterketa antolatzen dabilen antolaketa taldeko Dorleta Ezeizak.
Aurtengo berritasun nagusia da antolatzaileek ohiko ibilbideaz batera ibilbide errazago baten aldeko apustua ere egin dutela. Hala, bi lasterketak ordu berean hasiko dituzte (10:00) eta guztira 282 lagun batuko dira irteera puntuan –Kurtzebarrira igotzeko ibilbide bera izango dute denek–. Lasterketa luzerako (21 km) 181 lagunek eman dute izena, baina motzagoa (14 km) egiteko aukera ematea ere ez ideia txarra izan, beste 101 lagun animatu dira eta.