Erretratuetan espezializatutako argazkilaria da Dominguez eskoriatzarra, eta Madrilen bizi da. Lan ederra! izenaren azpian Euskal Herriaren kultura eta tradizioaren parte izan diren lanbideak erakutsi gura izan ditu eta horretarako hamazortzi lagun, guztiak debagoiendarrak, jaso ditu argazkitan; besteak beste, Inazio Bengoetxea, ardi-moztailea, Kristina Cardenal eta Jasone Roitegi xaboi ekoizleak eta Mikel Otxoa erlezaina.
"Irudi bakoitzak istorio bat kontatzen du, artisau horien trebezia eta dedikazioa erakusteaz gain, belaunaldien arteko erreleborik ezaren kezka ere erakutsiz, lanbide horiek desagertzearekin mehatxatzen baitu", dio Dominguezek eta bisitariak gonbidatu ditu tradizio horien gainean eta ordezkatzen duten ondare kulturala zaintzearen garrantziaz hausnartzera: "Erakusketa ez da soilik langile horiei egindako omenaldia, baizik eta baita ekintzarako deia ere, belaunaldi berriek ikasteko eta praktika horiekin jarraitzeko interesa izan dezaten".
Irailaren 25a arte zabalik
Arkupe kultur etxean izango da ikusgai irailaren 2tik 25era bitartean, aste egunetan goizez –11:00etatik 13:00etara– eta arratsaldez –18:00etatik 20:00etara– eta zapatuetan goizez.