Faduran (Getxo) dagoen Hobekuntza Teknikorako Zentroan (HTZ) egin zituzten karate-mailei dagokien azterketak uztailaren 20an eta han izan zen Uribeetxebarria. Joanna Perez taldekidea eraman zuen uke (laguntzaile) lanak egiteko.
UDAko karate taldeko arduradunek Uribeetxebarriak erakutsitako maila nabarmendu dute: "Aipatzekoa da epaile baten zorion mezu pertsonala jaso izana Aretxabaletako karatekak egindako lanagatik".
Taldeak balioa eman gura izan dio lorpenari: "Azken denboraldia luze joan da. Entrenamendu eta txapelketa asko izan dira, eta azken-lana, edozein karatekarentzako helburua den titulu hau eskuratzea izan da".
Taldeak zorionak helarazi gura izan dizkio: "Garaipen hau, Iñigorena ez ezik, taldeko partaide guztion ere bada, bakoitzak bere neurrian zerbait aportatu duelako. Horregatik, poztasun handia da Iñigorentzat, taldearentzat, eta nola ez, bere entrenatzailearentzat. Zorionak, mutil!".
Bost dan UDAn
Azken lorpen horrekin, dagoeneko bost dan daude UDAko karate taldean: Odilo Vazquez, laugarren dan mailarekin; Odei Vazquez, hirugarren dan maila eskuratuta; eta Oxel Vazquez, Joanna Perez eta Iñigo Uribeetxebarria, lehenengo dan maila dutenak.