Unai Calzon Intxauspek (Aretxabaleta, 1990) jarraituko du taldearen gidari izaten. UDAren harrobian hazitako kirolaria da eta 2021ean hartu zuen Ohorezko Erregionalaren ardura; hortaz, ondo baino hobeto ezagutzen du taldea. Hirugarren Mailari eustea izango da erronka nagusia, eta horretarako gogotsu daudela adierazi dute UDAkoek: "Esperientzia berria izango da, eta ilusio handia dugu". Taldea indartzeko ahalegina egin dute eta bi fitxaketa iragarri dituzte, gaur-gaurkoz: Joseba Orbegozo elorriarra, ezker hegaleko defentsa, Aurrera Ondarroa taldean jardundakoa azken denboraldian; eta Xabi Azpiazu bergararra, eskuin hegaleko defentsa.
Bestetik, taldekide batzuek agur esan diote futbolari, lesioak direla eta: Unax Barrainkua eta Beñat Elkorobarrutia aretxabaletarrek, hain zuzen.
UDAko ordezkariek adierazi dute oraindik etor daitekeela jokalariren bat edo beste, baina egitura nagusia ez dela aldatuko. Calzonek, gainera, Beñat Etxabe sartu du gidaritza taldean, eta analista eta prestatzaile fisiko lanetan jardungo du.
Uztailaren 31n oporrak hartuko dituzte eta abuztu erdian itzuliko dira lanera; denboraldiari irailaren 8an ekingo diote.