"Argazkiaren aldeko apustua eginez eta tokiko talentuari balioa emanez" deitu du Aretxabaletako Udalak Argazkia.Eus izeneko lehen argazki topaketa. Euskal Herrian jaio edota bizi diren argazkilariek parte hartu ahal izango dute, eta horretarako, euren lanak aurkeztu beharko dituzte aurretik, irailaren 8rako hain zuzen ere.
Parte-hartzaile guztien artean zortzi argazkilari hautatuko dira: Euskal Herriko lurralde bakoitzeko bana –Gipuzkoa, Araba, Bizkaia, Nafarroa, Lapurdi, Behe Nafarroa eta Zuberoa–, eta zortzigarrena, Aretxabaletakoa. 300 euro jasoko dituzte horiek.
Topaketa egiten den egunean, urriaren 5ean, zortzi pertsona horiek agertokira igoko dira beren argazki-proiektua aurkeztera, eta haien obra egongo da erakusgai urrian, erakusketa-kolektibo batean, Arkupe kultur etxeko erakusketa-aretoan.
Oinarriak
Topaketan parte hartu ahal izateko, interesdunek karpeta bat aurkeztu beharko dute irailaren 8a baino lehen, honako hauek jasotzen dituena: argazki-proiektuari buruzko argibideak ematen dituen dokumentu bat (pdf formatua), curriculum artistikoaren dokumentua (pdf-a), NANaren kopia edo Euskal Herrian jaio edo bizi dela ziurtatzen duen agiria, eta proiektuaren 20 irudi solte (jpg formatuan, 1920px alderik luzeenean eta 72 ppp-tan). Konprimatu ondoren, karpeta hori WeTransfer bidez bidali beharko da irailaren 8ko 23:59ak baino lehen honako helbidera: argazkia.eus@gmail.com.
Proposamena bidaltzearekin batera parte-hartzaileek konpromisoa hartuko dute beren lana hautatuetako bat izanez gero urriaren 5ean (zapatua) egingo den topaketara bertaratu eta beren obra hitzaldi batean aurkezteko; baita erakusketa kolektiboan parte hartzeko ere.
Euskal Herriko lehen argazki-topaketaren irabazleen izenak 2024ko irailaren 16an (astelehena) emango dituzte ezagutzera.