Irailaren 14an, zapatua, ospatuko dituzte jaiak Txarapea ibilbidean. Hala iragarri dute bertako hainbat bizilagunek. Iaz antolatu zituzten lehenengoz jaiak, eta orduan izandako arrakastak animatuta aurrera egitea erabaki dute, eta kale bizia dela erakutsi: "Txarapea bizirik dago eta bertako bizilagunak ere bai". Egitaraua gertatzen dabil Jai Batzordea, "zabala eta askotarikoa, guztiok ongi pasatzeko", baina hori lotu bitartean laguntza eskatu diete gainerako bizilagunei.
Ekarpen ekonomikoa
Hiru eskaera egin dituzte: batetik, diru ekarpena. "Jaiak ekonomikoki bideragarriak izan daitezen, ahal duzuen ekarpena egitea". Eta bi aukera eman dituzte: norberak nahi duena ematea edo atariko 80-100 euro arteko ekarpena egitea –bizilaguneko 10 euro–. Horretarako kontu korrontea ere eman dute: ES07 3035 0002 11 0020084765.
Bestetik, eskatu dute jaietan modu aktiboan parte hartzea: "Kalejiran, txosnan txanda bat eginda, puzgarriko zaintza-txanden ardura hartuta, herri bazkarian lagunduta edo Txarabermut-ean abestu eta musika instrumenturen bat jota". Horretarako, Jai Batzordeko edozein kideri jakinarazteko edo helbide honetara idazteko esan dute: txarapeakojaixak@gmail.com.
Balkoiak apaintzeko deia
Hirugarren eskaera da irailaren 14an, jai egunean, balkoiak apaintzea eta, horrela, kalea girotzea: "Atariko bizilagunek batera apaindu dezakete edo nork bere balkoia. Eta atari eta balkoi koloretsu eta animatuenarentzat sariak egongo dira".