Bukaera jaia ospatuta esango diete agur udaleku irekiei gaur, egubakoitza, 3 eta 12 urte arteko 326 umek. Hiru astez jardun dute elkarrekin eta ekintza mordoa egin dituzte, 34 hezitzailek gidatuta. Loratu ekimenak izan du haien ardura eta bertako bi koordinatzaileek balorazio positiboa egin dute: "Umeek helarazi digute oso gustura etorri direla, ondo pasatu dutela eta hezitzaileekin oso ondo moldatu direla. Horrek adierazten du motibatu egin ditugula eta datorren urtean errepikatzeko gogoz geratu direla". Jardueren artean kanpora egindako irteerak nabarmendu dituzte: Mutrikura eta Iruña Okako igerilekuetara, esaterako. Horiez gain, inguruko parajeetan ere ibili dira; Urkulun eta Apotzagan, adibidez.
Futbol campusean "primeran"
UDAk antolatutako futbol campusean 93 neska-mutikok jardun du: "Primeran pasatu dute futbol entrenamenduetan zein bestelako ekintzetan, eguraldia lagun izanda". Padel surfean aritu dira Aldayetako klub nautikoan, mendira txangoak egin dituzte, baita igerilekuetara ere: "Horiez gain Anoetako tourra egin dute eta Ondarretako hondartzan eguna borobildu".
Nerabeek, Udaero
Atxagazte gaztelekuko kideek, ostera, Udaero programarekin eman diote bukaera ikasturteari. Hainbat ekintza izan dituzte uztailean; batzuk herrian bertan –Otala Zelain film bat ikusi eta buztin-tailerra, esaterako– eta beste batzuk kanpoan – surfean jardun Deban–. Bukaera eman diote Gaztekonkis ekimenarekin. Aurten, Garaion Sorgingunera (Araba) joan dira, Arrasateko eta Eskoriatzako gazteekin batera, 46 inguru, eta atzo itzuli ziren, hiru egun pasatuta.